Mandazainek kultur asteburua ekarri dute

Guaixe 2008ko azaroaren 21a

Bakaikuko Udalak antolatu duen kultur asteburuko ardatza mandazainen ogibidea izanen da, garai batean Burundan hain ugaria zena. Josune Gorriti zinegotziak Beleixe Irratiari azaldu dionez "XVI. mendetik XIX. mendera arte lan egin zuten mandazainen figura ekarri nahi dugu gogora kultur asteburuarekin". Zinegotziak azaldu duenez, "garai batean ibarreko nekazaritza eta abeltzaintza ez ziren oso emankorrak eta burundarrek ogibide berri bati heldu zioten, mandazainarenari. Garraiolariak ziren eta trena agertu aurretik lan itzela egiten zuten". Josunek gogora ekarri du barrualdetik kostaldera garia, ardoa edo bestelako produktuak garraiatzen zituztela. Jarduera horrek ekonomian garrantzia handia izan zuela nabarmendu du Josunek Sakanako irrati euskaldunean, horren aztarna lirateke armarriak, utzi dituzten etxeak edota San Anton kofradia. Zinegotziak gehitu duenez, "ogibideak burundarren bizitzak hobetu zituen. Baliabide gehiago zituzten eta hori nabari da". Kultur asteburua antolatzerakoan Bakaikuko Udalaren asmoa da bertako historia eta kultura ezagutaraztea herriak berak eskaintzen dituen baliabideen bidez. Iaz euskalkiarekin eta Aita Ondarra omenduz abiatu zuten egitasmoa, eta Josunek azaldu duenez "esperientzia polita" izan zen. EgitarauaGaur, 18:00etatik 20:00etara, ludotekan, zientzia eta alkimia ardatz duen Erdi Aroko azoka izanen da adin guztiendako. Hura bukatuta, 20:00etan udaletxean, Mikel Sorauren historialariak Herri xumeak, eguneroko bizitza izenburua duen hitzaldia eskainiko du. Nabarraldeko kideak, argazkiez lagunduta, arbasoen bizimoduaz jardungo du. Larunbatean, 10:00etan mendi ibilaldia eginen da. Bakaikuar adinduen laguntzaz mandozainek erabiltzen zituzten bideak ezagutzeko aukera izanen da. San Juan plazatik abiatuko dira eta, esaterako, Lapurbide izeneko toponimoen berri jasoko dute ibilaldian parte hartzen dutenek. Larunbat arratsaldean, berriz, Angel Sanz Markotegik Nuestros antepasados los arrieros, trajineros y navegantes (siglos XV-XIX) izenburua duen hitzaldia eskainiko du. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak Burundako mandazainei buruzko liburua karrikaratua du eta hainbat xehetasunen berri emanen du. Adibidez, Caracasen bukatu zuen mandazainarena edo Goyaren lagun zen Juan Martin de Goikoetxea y Galartzaren berri. Hitzaldiaren ondoren, mandazainen ohiko jakia zen ajoarriero auzatea izanen da, ardoz lagunduta, jakina.Domeka eguerdian kultur arteko olinpiaden finala jokatuko da Bakaikun. Arratsaldean, aldiz, berriro ere zientzia eta alkimia ardatz duen Erdi Aroko azoka izanen da ludotekan, 18:00etatik 20:00etara. Azoka hasten den ordu berean hasiko da Nicolas Arbizu Burundako mandazainen eta galtzaden inguruan hizketan. Tokiko historia ikertu duen ikerlari iturmendiarraren saioa despeditu eta gero, Nafarroa Oinezeko maskota den Argiñe Bakaikun bisitan izanen da.