Trenbide pasa kentzeko lanak aurten hasiko dira

Guaixe 2009ko urtarrilaren 16a

Hala esan zien Bakaikuko Udaleko ordezkariek Laura Alba Cuadradok, Herri-lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak. Iaz Bakaikuko trenbide pasan izandako istripuaren ondoren kontseilariak egindako adierazpenengatik lanak epe motzean ez zirela hasiko zirudien. Hala ulertu zuen behintzat Bakaikuko Udalak eta horregatik eskatu zuen bilera. Atzokoan Eduardo Urrestarazu alkatea eta Josune Gorriti zinegotzia bildu ziren kontseilariarekin, "informazioa eskatzeko". Josunek esan digunez bilera "baikorra" izan zen, "ikusi dugu departamentuak gaia serio hartu duela, arrisku handia baitago. Lanak udaran eman nahi dituzte, 2010eko udaberrian bukatzeko".3 aukeraBilkuran departamentuak hiru aukeren gainean lanean ari dela jakin zuten: Soaberritatik barna bidea eta zubia eraikitzea (araztegi aldean); Bakaiku eta Iturmendi arteko autobia gaineko zubiko errotondatik abiatuko zen bidea eta, azkenik, Iturmendiko trenbide gaineko zubitik, pista aprobetxatuz Bakaiku industrialderaino joanen zen bidea egitea. Josune Gorritik esan digunez departamentuak lehen aukeraren alde egiten du, "aurretik zegoen egitasmoan aldaketak eginez, uholde arriskua baitago". Udal ordezkariek kontseilariari esan diote lanak hasi aurretik "bilera teknikoa" izan nahi dutela guztia aztertzeko. Aldi berean, hiru aukeren balorazio irizpideak jasotzen dituen berri ematen duten laburpena eskatu dute bakaikuarrek.