Larunbatean San Anton ospatu zuten

Guaixe 2009ko urtarrilaren 19a

Eguerdiko ordu batean kofradiako hildakoen omenezko elizkizuna izan zen. Bakaikuko seme den Jose Migel Anso apaizak eman zuen meza. Mezan izan ez zirenak euro bateko isuna ordaindu zuten. Elizkizuna eta gero, Bakarrenekoetxea elkartera joan ziren kofrade guztiak. Kontuak egunean jarri eta kofradian azken urtean izandako gora beherak errepasatu zituzten. Bakaikuko San Anton kofradiak hiru kide berri ditu: Javier Galartza, Mikel Luis eta Francisco Javier Negrin. Bajak, berriz, bost izan ziren: Migel Ondarra, Heriberto Urriza, Jose Erdozia, Saturnino Auzmendi eta Joaquin Etxeberria. Kofradiako karguak ere berritu egin ziren. Hala belero kargua Iñaki Zeberiok hartu zuen. Kofradiako maiodomoa, berriz, Iñigo Zelaia da, Juan Pedrori lekukoa hartu ziona.  Egitekoak egin ondoren kofradiako ehun kideetatik 73k bazkari ederraz gozatzeko aukera izan zuten. Akordeoilariaren doinuekin parranda ederra egin zuten sanatondar bakaikuarrek.