Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak astelehenean egindako bilkuran erabaki zuen Bakaikuko trenbide pasa kentzeko lanen kontratazioa baimentzea. Lanek 4.833.418 euroko aurrekontua izanen dute. Haietatik 2.333.418 euro aurten inbertituko ditu gobernuak eta gainontzeko 2.500.000 euroak heldu den urtean. Udala"Azkenik gaia martxan delako eta pasa kenduko dela jakitea ona da", azaldu digute Bakaikuko Udaletik. Hala ere, udal ordezkariek bakaikuarren eskaerei jarraituz alegazioetan aurkeztutakoa ez dela bete ikusi dute: "zubian beste bi zulogune gehiago eskatu genituen, ubeldeak gainezka egiten duenean ura errazago bideratzeko. Segurtasuna handitzeko eskatu genituen zulogune gehiago zubian, baina ez dituzte onartu". Bestetik, udaletik gogora ekarri dute haiek autobiako biribilgunetik abiatuko litzatekeen aukeraren alde agertu zirela. EgitasmoaNafarroako Gobernuak Bakaikuko trenbide pasa kentzerakoan egungo bidearen "zerbitzu berak mantentzea eta segurtasun handiagoa" eskaini nahi izan du. Bide berri bat eta zubi bat eraikiko dira trenbide pasa kentzeko. Estazio aldera daraman bidearen ezkerretara zabalduko da bide berria, ur araztegirantz. Trenbide gainetik pasako den zubia eraikiko da eta bide berriak Etxarriko bidearekin bat eginen du, industrialdean bukatzeko. Zubiak 6 zulogune izanen ditu, uholdeak izanez gero ura batetik bestera arazorik gabe mugitzeko. Bide berriaren luzera 680 metrokoa izanen da. Zazpi metroko zabalera izanen du. Ezkerraldean 2 metroko zabalera duen espaloia izanen du. Eskuinaldekoa metro bakarrekoa izanen da.