Herriko maiatza jasotzeko txanda

Guaixe 2009ko ekainaren 26a

Aurten, bigarren aldiz, bakaikuarrek maiatza jasoko dute. Oraingoan herrian bertan izanen da, bihar. Bakaikuko Gazte Asanbladaren ekimena da eta herritar guztiei parte hartzeko gonbitea egin diete. Gazteek bihar goizean basorako bidea hartuko dute eta handik pagoa ekarriko dute. Maiatza behin herrira eraman eta gero, goiz eta arratsaldez hura prestatzen egonen dira bakaikuarrak. Arratsaldeko seietarako guztia prest izanen da, orduan hasiko baitira maiatza zutitzeko lanak. Egitekoa despeditu ondoren, 20:00etan auzatea izanen da, herriko akordeoilariek girotua. Eguna borobiltzeko, gazte asanbladak herri afaria antolatu du.