Anda "5 eskultore nafar" erakusketan

Guaixe 2009ko uztailaren 2a

Uharte-Iruñeko Patxi Buldain Fundazioak aspaldiko egitasmoa gauzatu berri du: eskultura ardatz hartuta, erakusketa bat antolatu du. Erreferentziako 5 eskultoreren lanak nafar bildu ditu erakusketak: Patxi Buldain, Alberto de Orella, Faustino Aizkorbe, Jose Ramon Anda bakaikuarra eta 1992an hil zen Alfredo Sada. Artista bakoitzak hizkuntza propio erakutsiko du, norbere forma, material, tamaina, bolumen eta erritmoarekin. Baina badituzte elementu komunak ere: ia belaunaldi berekoak dira denak: Patxi Buldain ez beste denak, 1945-50 artean jaio dira. Eta guztiengan sumatzen da Oteiza maisuaren eta Euskal Eskolaren eragina. Ondorioz, elkarren arteko eztabaida egin ordez, elkarrizketan sartuko dira bostak, batasun bat osatuz. Horixe zen Jabier Moreno komisarioaren helburua. Artearen dimentsio traszendentea aldarrikatzen dute bost eskulturagileek. Jose Ramon Andak, Elkar (2000), Besarkada (2002) eta Homenaje a Lyonel Feininger (1997-2007) brontzezko eskulturak eta zenbait maketa eraman ditu erakusketara. Komisarioaren hitzetan, bakaikuarrak materia menderakaitza forma geometriko idealera darama, mundu hautagarri eta ukigarrian gorpuztuz. 5 eskultore nafar erakusketa ikusgai dago Uharte-Iruñeko Patxi Buldain Fundazioan, abuztuaren 30era arte.