Bakaikuko Santigoak argazkitan

Guaixe 2009ko uztailaren 23a

Hamaika aurpegi ditu festak. Horiek guztiak argazkitan jaso nahi ditu Bakaikuko Festa Batzordeak. Helburu horrekin antolatu du I. Santiago Argazki Lehiaketa. Etxajuarekin batera lehertuko da festa Bakaikuko karriketan eta harekin irekiko da argazkiak ateratzeko epea. Argazki kamera klasiko edo digitala edo segapotoa eskutan, nahi adina argazki ateratzera gonbidatu dituzte herritarrak. Festaondoa gaindituta, garilaren 28ko 14:00ak arteko epea dute argazkiak aurkezteko. Udaletxera eraman behar dira argazkiak edo horiek dituzten USB edo CD-ak. Argazkiak iturmendibakaiku@hotmail.com helbidera bidaltzea da beste aukera bat. Aurkeztutako argazkiekin, jendaurreko erakusketa eginen da udazkenean, kultur astean. Bertan emanen du ezagutzera epaimahaiak bere erabakia. Argazkirik ederrenaren egileak argazkigintzako materiala jasoko du.