Foruzaingoak eskola zaharrak miatu zituen

Guaixe 2009ko urriaren 8a

Aurreko ostegun gauean Foruzaingoa Bakaikuko eskola zaharrean sartu zen. Espainiako Audientzia Nazionaleko epaile baten agindua jarraituz, eraikinaren beheko solairua eta goiko bi pisuak miatu zituzten. 22:00etatik 5:00etara luzatu ziren zeregin horretan. Antza, miaketetan lekukorik ez zen izan. Ostiralean ere Foruzaingoa eskolara bueltatu zen, 10:00ak aldera, eta hura zaintzen egon zen. Goizaldeko 01:00 aldera alde egin zuten foruzainek Bakaikutik. Joan aurretik, 22:00etan, beste miaketa bat egin omen zuten. Dirudienez, miaketak zerikusia izan dezake presoen argazkiak jartzearen kontrako debekuarekin eta legez kanporatutako erakundeen inguruko materiala atzematearekin. Baina ezin da guztiz ziurtatu. Bakaikutik jakinarazi dutenez, Foruzaingoak materiala eraman zuen eraikin publikotik, zehazki zer zen ez badakite ere. Eskola prezintatuta gelditu da.