Ehunka manifestarik eskolen miaketak salatu zituzten

Guaixe 2009ko urriaren 26a

Domeka iluntzean ehunka pertsona bildu ziren, Utzi bakean Bakaiku, errepresioa gelditu! pankartaren atzean. Hilaren hasieran eraikin publikoan izandako miaketak salatu eta eskolak oraindik ere prezintatuta daudela salatu zuten manifestariek. Bukaeran nabarmendu zenez, "eskolak prezintatu izana herri osoari egiten dio kalte, eta guztiona den lokal batean sartzea herri osoa jartzen du errepresioaren jomugan". Eraikinaren erabiltzaileei ere "babesa" adierazi zieten. Miaketen arrazoia presoen argazkiak (elkartasunaren iruditzat jo zituzten) eta "terrorismoaren goraipamena" erakusten zuen edozer gauza izan zela azaldu eta gero Foruzaingoa izan zen hizpidea. Hizlariak esan zuenez, "UPNren interesen alde lanean jarri dituzte, herritarren interesen alde lanean jarri beharrean". Sakanan Foruzaingoak egindako "erasoak" gogoan izan zituzten. Foruzaingoaren hurrengo pausua "herritarren eskubide indibidual eta kolektiboak errespetatzearen bidean, edo estrategia errepresiboan pausu berriak ematearen bidean" izanen ote zen galdetu zuten. Manifestazioaren bukaeran esan zutenez "orain inoiz baino garrantzitsuagoa da gure herrietan egin beharreko lana". Hizlariak adierazi zuenez, "errepresioaren kolpeen helburua Euskal Herriaren eskubideen aldeko aldarrikapena eta disidentzia lurperatzea da". Horren aurrean "herritarren indarra eta kemena" jarri zituen, "Euskal Herrian denon eskubideak bermatu eta proiektu politiko guztiak bideragarriak izango diren eskenatoki demokratiko baten" alde. Hizlariaren ustez "estatuaren eta UPNren" errepresioa "beldurraren" isla litzateke, "bataila politikoa galdua duelako".