Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urriaren hasieratik, foruzainak Bakaikuko eskola zaharrean sartu eta eraikina prezintatu zutenetik, biltokirik gabe daude herriko gazteak. Hala ere, lanerako gogotsu jarraitzen du Bakaikuko Gazte Asanbladak. Horren adierazle da biharko antolatu duen kontzertua: Arrasateko Gose eta Sakanako Alerta Gorria eta The Sekta taldeak igoko dira Bakaikuko elkarteko eszenatokira.GoseArrasateko Gose taldea izanen da kontzertuko izar nagusia. 2004an sortu zuten taldea Ines Osinagak, Iñaki Bengoak eta Osoronek eta dagoeneko hirugarren lana argitaratu dute. Hasiera hasieratik, Euskal Herriko triki-pop musika irauli eta bide berriak urratzeko prest egon dira. Estilo ezberdinen bilgune da Gose: trikiaren folka, gitarren rock eta punk ukitua eta perkusioaren eta programazioen musika elektroniko eta technoaren kutsua dario. Musikarekin batera, hitzak, jarrera eta estetika dira Gose taldearen zutabeak. Bere estiloarekin zintzo, mezu argia zabalduko du Bakaikuko elkartean.Arbizuko eta Lakuntzako punkaSakanako Alerta Gorria eta The Sekta taldeek osatzen dute kartela. Iaz sortu zen Alerta Gorria taldea Arbizun. Euskal Herriko talde ezagunen bertsioak egiten dituzte eta abesti propioak sortzen ere hasiak dira. Punk oi! estiloan zabalduko dute haien mezua.Ibilbide luzeagoa du Lakuntzako The Sekta taldeak. Musikari asko eman ditu Lakuntzako herriak. Bide horri eusteko prest sortu da punk talde gazte hori.