Bakaikuko Kultura Hamabostaldia jardueraz lepo

Guaixe 2010eko martxoaren 26a

Bakaikuk historian atzera eginen du hurrengo bi asteetan. Horretarako aukera emanen du Kultura Hamabostaldiak. Euskal Herriko antzinako bizimodua ezagutzeko aukera izanen da. Egitarauan presentzia berezia izanen dute garai hartan berebiziko garrantzia zuten burdinolek. Bestalde, euskal idazle eta musikariek ere lekua izanen dute. Bakaiku Udalak Kultur Hamabostaldi bete-betea antolatu du Bakaikuko Gabriel Aresti euskaltegiaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.Historian atzeraUrte gutxitan izugarri aldatu da Euskal Herria. Paisaia, gizartea, politika eta, orokorrean, herritarren bizimodua goitik behera aldatu da. Historian atzera egin eta garai bateko Euskal Herrira bidaia egitea proposatzen du Bakaikuko Udalak. Horretarako hiru aukera eskaini ditu.Gaur, 18:30ean, Antzinako Euskal Herriko bizimodua postal irudietan erakusketa mustuko dute herriko etxean. Gure arbasoen bizimoduaren testigantza jasotzen dute postalek. Erakusketa irekita egonen da apirilaren 4ra arte, 18:30etik 20:00etara.  Erakusketa mustu eta berehala, 19:00etan, industrializazioaren eraginez Euskal Herriko paisaiak jasan duen eraldaketa ezagutzeko parada izanen dugu. Jakoba Rekondo ingeniari paisajistak eskainiko du hitzaldia. Politika da historiaren beste osagai bat. Azken mendeko historian leku nabarmena du Errepublikak, herrialdearen etorkizuna irauliko zuten gertaerak izan baitziren. Horien artean dago 1933an emakumeen bozka eskubidea legeztatu zenekoa. Zer eta nola bozkatu zuten Sakanako emakumeek? Horretaz ariko da Angel Garcia Sanz Markotegi NUPeko historialaria. BurdinolakBurdinak berebiziko garrantzia izan du Euskal Herrian eta horregatik behar-beharrezkoak ziren burdinolak. Garai batean tontorretatik gertu egiten zituzten, malda eta haizea labearen mesedetan erabiltzeko. Gerora ordea, bailaren beheko aldera pasa ziren olak, ibai edo erreken uraren indarra probesteko. Ezaugarri horiek ditu Bakaikuko burdinolak. 1858an eraiki zen, eraikin horiek errentagarri izateari utziko ziotenean. Hala ere, urte haietako egoera korapilatsuak bere historia luzatu zuen. Bakaikuko burdinolaren historian sakondu eta tokia ezagutzeko aukera izanen da bihar. Goizeko 11:00etan jarri dute hitzordua herriko plazan, oinez burdinolara jaisteko. Jose Luis Erdozia filologoak emanen ditu azalpenak eta Rafael Karasatorreren informazioa zabalduko du. Bestalde, apirilaren 11n, egun osoko irteera antolatu du Bakaikuko Udalak, Legazpiko Mirandaola Burniaren museora. Goizeko 10:00etan aterako da autobusa herriko plazatik. Museoari bisita egin eta gero, menu berezia izanen da dastatzeko. Guztia 23 euroren truke. Euskal literatura eta musikaEuskal literatura eta musika dira Bakaikuko Kultura Hamabostaldiaren beste osagarri nagusia. Martxoaren 30ean, Xabier Monasterio idazle bizkaitarrarekin tertulia izanen da. Apirilaren 7an, berriz, Xamar idazle nafarrak hartuko du txanda. Musikak ere lekua izanen du: Rafa Rueda abeslariak kontzertua eskainiko du apirilaren 2an, ostegunean. Hilaren 9an, berriz, Anje Duhalde abeslari ezaguna izanen da Bakaikun. Gabriel Aresti Euskaltegiak hartuko ditu aipatu hitzaldi eta kontzertuak. Formatu txikiko emanaldietan ziurtatuta daude gertutasuna eta goxotasuna. BestelakoakHaur, gazte eta heldu, denetariko biztanleak ditu Bakaikuk. Guztiak asetzeko ahalegina egin du Bakaikuko Udalak. Musikazaleendako Etxarri Aranazko Musika Eskolako haurren kontzertua izanen da bihar, 19:00etan, herriko elizan. Bestalde, herriko futbol zaleek Osasuna-Almeria futbol partida ikusteko autobusa izanen dute, igandean, 15:00etan.Egitaraua:Martxoaren 26an, ostiralean:18:30ean    Antzinako Euskal Herriko bizimodua postal irudietan. Erakusketa mustutzea. Herriko etxean apirilaren 4ra arte.19:00etan    Euskal Herriko paisaiaren transformazioa historian zehar. Jakoba Rekondoren hitzaldia.Martxoaren 27an, larunbatean: 11:00etan    Bakaikuko burdinolara bisita. Jose Luis Erdozia eta Rafael Karasatorreren azalpenekin.19:00etan    Etxarri Aranazko musika eskolako haurren kontzertua elizan.Martxoaren 28an, igandean:15:00etan    Osasuna-Almeria partida ikusteko autobusa.17:00etan    Zer eta nola bozkatu zuten Sakanako emakumeek 1933an? Angel García Sanz historialariaren hitzaldia.Martxoak 30, asteartea:18:00etan    Xabier Monasterio idazlearekin tertulia Gabriel Aresti euskaltegian.Apirilak 2, osteguna:18:00etan    Rafa Rueda abeslaria Gabriel Aresti euskaltegian.Apirilak 7, asteazkena:18:00etan    Xamar idazlearekin tertulia Gabriel Aresti euskaltegian.Apirilak 9, ostirala:18:00etan    Anje Duhalde abeslaria Gabriel Aresti euskaltegian. Apirilak 10, larunbata:10:00etan    Irteera Legazpiko Mirandaola Burdinaren Museora.