Asun Goikoetxearen aurpegi berria

Guaixe 2010eko martxoaren 29a

Ez da erraza Asun Goikoetxea bakaikuarraren obra gurean ikustea. Artea Oinez erakusketako ohiko parte hartzailea da, baina obra bakarretik haratago, bere erakusketa oso bat ikusteko 2004ra arte egin behar dugu atzera, Nafarroako Museoan egon zenekora. Sei urte eta gero, Nafarroara itzuliko da Bakaikuko artista. Oraingoan, Moises Perez de Albeniz galeriak hartuko du bere obra. Bakaikuarrak aurpegi berria erakutsiko du Karana erakusketan. Martxoaren 18an mustu zen erakusketa eta maiatzaren 15era arte irekita egonen da. Sakandarraren obra berria ikusteko aukera paregabea da.Marrazkia abiapuntuAzken urtetako hausnarketaren eta lanaren berrikuspenaren ondorio da Karana erakusketa. Hausnarketak aukera berriak ireki dizkio Asun Goikoetxeari: adierazteko medio berria aurkitu du, serigrafia, eta irudikapen grafikoa eraberritu du."Nire egitasmo berria marrazkian oinarritzen da" azaltzen du artista bakaikuarrak. "Lanaren norabidea aldatu eta erabaki nuen sormen prozesua barrutik, bizitakotik abiatzea, irudiak eta ideiak sortzen diren bezala" dio. Beraz, erakusketako obretan marrazkia da irudikapen grafikoetako abiapuntua eta errepikapenaren bidez hedatu eta ugaritu egiten da.Gorputzak sentitzen duena eskuak egin dezakeen keinu minimora itzultzen du eta hura errepikatu. Bere irudiak sentsualak eta anbiguoak dira eta ikusmen-pertzepzioarekin egiten du jolas. Zenbait obraBurkariak (2007). Paper gainean oleo gorriz egindako 24 marrazkiz osatutako instalazioa. Trazu gorri errepikakorrak mugimenduan dagoen ehun organikoa sortzen du. 16 metroko obra ikusgarriak forma itxiak, espazio hutsak eta forma beteak irudikatzen ditu. Koadroen ohiko ikuspuntua apurtu eta ikuslea obran murgiltzen du.Barneko zuloak (2009). Zortzi serigrafia marrazki errepikakorrez osatuta, baina pintzeladaren bariazioarekin formak handitu eta hedatuz doaz.Agujeros del cuerpo (2008). Formatu handiko zenbait forma elkarren ondoan jarri ditu, mugimenduan dagoen kosmos organikoa bailitzan. Tela gaineko oleoa. Battements (2009). Zuriz serigrafiatutako beirazko zortzi piezaz egindako obra, itzala horman duena. Materiala eta inmaterialaren arteko muga aztertzen du. Illusion? (2009-2010). Instalazioa, paper gaineko tintazko zortzi marrazki, lotutako bi hari, bolumendun bi pieza eta beira gaineko serigrafiak osatua. Artistak errealitatea eta ilusioaren arteko mugen kezka sortzen du. ErakusketaAsun Goikoetxeak bere azken egitasmoa aurkeztuko du Iruñeko Moises Perez de Albeniz galerian. Marrazkia dago haren oinarrian, errepikapenaren bidez hedatuz eta ugarituz doan marrazkia. Bi instalazio ageri dira Karana erakusketan, bat marrazkiena eta bestea marrazki eta bolumeneko biezak uztartzen dituena. Beira, argazki eta formatu txikiko marrazki serieak era badaude.OrdutegiaMaiatzaren 15era arte, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era, eta larunbatetan, 10:30etik 14:00etara.