Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan mustu zuten Bakaikuko Kultura Hamabostaldia. Orain arte gure arbasoen historian eta bizimoduan murgiltzeko aukera izan dute bakaikuarrek. Datorren astean, berriz, euskal kultura izanen da protagonista nagusia. Bi euskal abeslari ezagunek formatu txikiko kontzertuak eskainiko dituzte: Bihar, 18:00etan, oholtza gainera igoko da Ange Duhalde. Datorren ostiralean, apirilaren 9an, berriz, Rafa Ruedak hartuko du txanda. Bestalde, apirilaren 7an, 18:00etan, Xamar idazle nafarrak hitzaldia eskainiko du. Gabriel Aresti euskaltegiak hartuko ditu ekitaldi horiek guztiak. BurdinolaraBurdinolek leku nabarmena eduki dute Bakaikuko Kultura Hamabostaldian. Larunbatean Bakaikuko burdinola ikusteko aukera izan zen. Datorren igandean, apirilaren 11n, berriz, Legazpirako bidea hartuko dute bakaikuarrek. Bertan, Mirandaola Burniaren Museoa ikusteko parada izanen dute. Ordu eta erdiko bisitaren ondoren bazkari ederra eginen dute museoko jatetxean. Guztia 23 euroren truke. Apirilaren 6ra arte txartela hartu daiteke herriko etxean, jubilatuen elkartean, Koxko tabernan eta Kontxi dendan.Orain artekoakAstebetez, gure arbasoen historian eta haien bizimoduan janzteko zenbait aukera izan dute bakaikuarrek. Jakoba Rekondo Euskal Herriko paisaiak izan duen eraldaketaz aritu zen. Angel Garcia Sanz historialariak, berriz, Errepublika garaian Sakanako emakumeek bozkatu zutenaren berri eman zuen. Xabier Monasterio idazlearekin tertulian aritzeko aukera ere izan da. Bestalde, Bakaikuko Burdinola bisitatu eta haren historian sakontzeko aukera paregabea izan zuten herritarrek. Azkenik, ostiralean mustu zen Antzinako Euskal Herriko bizimodua postal irudietan erakusketa. Apirilaren 4ra arte udaletxean dago erakusketa. Beraz, oraindik ere hura ikusteko garaiz gaude.