Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo mustu zen Bakaikuko trenbide gaineko zubia. Hura mustutzeko zinta mozketa ekitaldian Bakaikuko alkate Eduardo Urrestarazu Fernandez, Herri Lan eta Garraio kontseilari Laura Alba Cuadrado, ADIF enpresako ordezkari Luis Lopez Ruiz eta Koldo Pozueta bakaikuarrak parte hartu zuten. IritziakBakaikuko alkateak aipatu zuenez, asteazkenekoa egun berezia zen herriarendako, XIX. mendean trenbideak moztu zuen bidea osatu egin delako. Horrek herria basoarekin eta industrialdearekin lotzea ekartzen zuela nabarmendu zuen. Zubi berriak herriaren iparraldeko lurrei industria edo hirigintza garapenerako balioa emanen diela ziurtatu zuen alkateak.Bakaikuko alkateak gogora ekarri zuen 1989an, istripu larri baten ondoren, Bakaikuko Udalak trenbide pasa kentzeko lehen eskaera egin zuela. Urrestarazuk aitortu zuenez egin dena ez zen udalaren egitasmo ideala, autobiako borobiletik ateratzen den bidearen alde zegoen Bakaikuko Udala. Hala ere, alkateak aitortu zuen egitasmoa egoki egina zegoela. Laura Alba Cuadrado kontseilariak, bestalde, Nafarroako Gobernuak errepide segurtasunaren alde egindako ahaleginak eta haiek emandako emaitzak gogora ekarri zituen: bederatzi urtetan %64,6 jaitsi da trafiko istripuetan hildakoen kopurua. Kontseilariak gogora ekarri du dagoeneko Nafarroan 41 trenbide pasa kendu direla eta bost besterik ez direla gelditzen. Haien artean Izurdiagakoa eta Arbizukoa daude. Lanen datuakAurrekontua 3.670.012,83 euro Errepidea luzera 680 metroZubiaren luzera 162 metroErrepidea 3 metroko bi karrilEspaloia ezkerretan 2 metroAHTz eta logistikazAtzoko mustutze ekitaldian Bakaikuko alkate Eduardo Urrestarazuk Sakanako ekonomia-egoera izan zuen hizketa-gai. Mustu zen zubiaren modukoak eskatu zizkion Nafarroako Gobernuari krisi egoerari aurre egiteko. Urrestarazuri erantzunez, Laura Alba Cuadrado kontseilariak esan zuen jakitun zela krisiak Nafarroan ez dituela berdin jo eskualde guztiak. "Sakanak lehentasunezko arreta merezi du". Albak nabarmendu zuenez "abiadura handiko korridore berriak aukera berriak ekarriko ditu. Orokorrean Nafarroari (lehiakortasun gehiago hura erabiltzen duten enpresa eta pertsonei). Eta pasatzen den tokietan, logistikaren arloan, aukera berriak zabalduko ditu". Kontseilariak aurreratu zuen arlo horretan Sakana lehentasunezko eskualdetako bat izanen dela, gune logistikoen planaren barruan. Alba kontseilariak asteartean ezagutu zituen gune logistikoen bideragarritasun ikerketaren ondorioak. Txosten horrek eskualde bakoitzari zein azpiegitura logistiko dagokion zehaztuko du. Nafarroan sei gune aurreikusten dira. "Hura errebisatu eta itxi beharra dago oraindik eta aurkezteko datarik ez dago". Baina kontseilariak uda aurretik izanen zela aurreratu zuen.