Bakaikuk hartuko du VI. Aitzkozar Herri Krosa

Guaixe 2010eko maiatzaren 28a

Aurten berrikuntza nabarmena dakar VI. Aitzkozar Herri Krosak. Orain arte Iturmendiko Aitzkozar elkarteak antolatu izan du lasterketa hori, baina hemendik aurrera Aitzkozarrek Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartearekin batera egingo ditu prestakuntza lanak, baina lasterketa lekua  txandaka. Aurten Bakaikuri dagokio, eta bi elkarteek Dantzaleku Sakana klubaren laguntza izanen dute antolakuntzan. Bihar jokatuko da proba, maiatzaren 29an, larunbatean. Lasterketak Sakanako VI. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria mustuko du, koparako puntuagarria izango den lehen lasterketa izango baita. Aipatutakoaz gain beste hiru lasterketek puntuatuko dute koparako: Ergoienako VI. Bira (irailak 18), Sakanako X. Herri Lasterketa (azaroaren 21ean) eta Altsasuko San Silbestrea (abenduak 31). Kategoria txikiak eta proba nagusiaGazteenek emanen diote hasiera Bakaikuko lasterketari, arratsaldeko 17:00etan. Aurrebenjaminek 450 metroko ibilbidea edukiko dute egiteko, benjaminek 560 metro, kimuek 800 metro, haurrek 1.600 metro eta kadeteek 2.400 metro. Proba hauek guztiak herrian eginen dira, beti ere Bakaikuko plaza ardatz dutela. Gaztetxoenen lasterketek proba nagusiari eginen diote lekua. 18:30ean du hasiera ordua gazte, heldu eta beteranoen mailako lasterketa nagusiak. Korrikalariek Bakaikuko plazan emanen diote hasiera lasterketari. Iturmendi eta Bakaikuko herri eta dermioen artean markatutako 4.050 metroko ibilbideari buelta bakarra emanen diote gazteek, eta bi buelta heldu eta beteranoek. Beraz, azken hauek 8.100 metro egin beharko dituzte denera. Lasterketa nagusiko kategoria bakoitzeko hiru lehenengoek, gizon nahiz emakumeek, 150 €, 100 € eta 50 euroko saria eta trofeoa jasoko dute, eta behe mailan ere trofeoak banatuko dira. Parte hartzen duten korrikalari guztiek oparitxoa jasoko dute. Eta eguna borobiltzeko, antolatzaileek askaria antolatu dute korrikalari guztiendako. Oraindik izena eman daitekeIzena emateko epea irekita dago, 948 562 034 edo 948 467 314 telefonoetan edo www.herrikrossa.com web orrian. Lasterketa egunean bertan, proba hasi baino ordu bat lehenago ere, horretarako aukera izanen dute lasterkariek Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartean. Egunean bertan izena ematen dutenek 5 € ordaindu beharko dute. DYAk proba jarraituko du.