Gazte bat Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu dute

Guaixe 2010eko uztailaren 19a

Hilaren 28an gazte bakaikuar bat Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du. Bakaikuko herritarrek eman zuten horren berri larunbatean egindako prentsaurrekoan. Azaldu zutenez, iazko agorrilaren 5ean Guardia Zibilaren kontrol batean gazte horri kartelak eta ordenagailu eramangarria kendu zioten. Bakaikuarrek argitu dutenez, gazteari zer leporatzen dioten ez dakite. Agerraldi bera baliatu zuten bakaikuarrek aurtengo festetan herriko eskolak itxita egonen direla salatzeko. Azken urteetan, festetan gazteen bilgune izan direla nabarmendu zuten. Iazko urriaren batetik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Foruzaingoa sartu zenez geroztik, eskolak prezintatuta daudela nabarmendu zuten. SalaketaAgerraldian nabarmendu zutenez, "herri honek garesti ordaindu du sistemarekin bat egiten duen gazteria bat ez izatea". Gaineratu zutenez, "urteetan egon da Bakaiku herri honen etsaien jo-puntuan, eta horrela jarraitzen dugu". Sakanako egoera ere antzeko dela gaineratu zuten. Audientzia Nazionala kritikatu zuten eta nabarmendu zutenez "Guardia Zibila Auzitegi Nazionalaren mesedetara dago lanean", "eta haiekin batera Foruzaingoa auzitegiaren aginduen menpe". Prentsaurrekoan izan ziren guztiek "herri honen alde lanean" ari direla ziurtatu zuten, hori dutela "delitu bakarra". Horrekin batera, exijitu zuten Bakaiku eta bertako gazteak bakean uztea. Madrilera joan beharko duen gazteari elkartasuna adierazi zioten. Hura aske, bakean eta kargurik gabe uztea aldarrikatu zuten, herriko eskolak "behingoz herritarrei itzultzea" eskatzearekin batera. Guztia salatzeko larunbatean Bakaikun eginen den manifestazioan parte hartzera hots egin dute. Errepresioa gelditu. Utzi bakean Bakaiku! leloa izanen du protestaldiak.