Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzeko udal hauteskundeak prestatzen hasi da Bakaikuko ezker abertzalea. "Lau urteetako basamortua jasan ondoren, gogo biziz gaude berriz ere udala kudeatzeko, herriari irekia eta herritarrengandik gertu egongo den udala kudeatzeko".Bakaikuko ezker abertzaleko egungo eta garai bateko zinegotziek prentsaurrekoa eman zuten astelehenean. "Bizilagunak protagonista izango diren herria" aldarrikatu zuten. Hori lortzeko lehen urrats gisa "programa egiteko herriak parte hartzeko kanalak erraztuko ditugu". Ezker abertzaleak bakaikuarren "iritziak, zalantzak eta kexak" jaso nahi ditu, "herriko diagnosi erreala" egiteko. Horretarako tresna herrian banatuko den inkesta izanen da. Hura jasotzeko postontziak ere jarriko dituzte eta web orri baten bidez ere inkesta erantzuteko modua izanen da. Bildutako ekarpenak hiru aste barru eginen den batzar ireki batean emanen dituzte ezagutzera, diagnosia osatuz. Ezker abertzaletik bakaikuarrei ekimenean parte hartzeko deia egin zieten. TestuinguruaBakaikuko ezker abertzaleko kideek azaldu zuten udalera "indartsu" bueltatu nahi dutela. Legegintzaldi hau "bazterketan eta herritarren borondatearen mespretxuan oinarritutako" izan dela azaldu zuten. "Herritarren ordezkari izan arren, udalean parte hartzeko aukerarik ez dugu izan eta gure iritzia ez da kontutan hartu. Bestalde, ezker abertzaleko kideek krisialdiak ekarritako eskubide murrizketa eta estatuak Euskal Herrian zabaldu den prozesua "zapuzten" saiatzen ari dela ere salatu zuen. "Instituzioetan aldaketa politiko eta soziala bultzatuz egoera honi aurre egin beharra dago".