Eskola zaharren auzia artxibatuta

Guaixe 2011ko martxoaren 31

Bakaikuko ezker abertzaleak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Espainiako Audientzia Nazionalak eskola zaharren inguruan zabaldu zuen auzia artxibatu egin du. "Eskolei zigilua kendu dietela uste dugu. Gaur egun, eskolak itxita jarraitzen dute informazio faltagatik".Bakaikuko ezker abertzaleak azaldu digunez, "gaia gehiegi luzatzen ari zenez eta udalak gai honetan erakutsi duen jarrera dela eta, gure kabuz hariak mugitzen hasi ginen informazioa lortzeko". Hala jakin du auzia artxibatuta dagoela. Antza, "denbora asko" darama egoera horretan. Adierazpena Bakaikuko ezker abertzaleak "estatu espainiarraren estrategia errepresiboa" salatu du eta Foruzaingoa "UPNren polizia politikotzat jo du". Espainiako Auzitegi Nazionalaren desagerpena ere exijitu du. Aldi berean, Bakaikuko Udalaren jarrera salatu du. "Ez du eskolen egoera konpontzeko borondaterik agertu. Urte eta erdian ez du eskolaren zigilua kentzea eskatu, ez du herritarrentzat interesgarria den informaziorik lortu edo gutxienez ez du zabaldu. Gaur egun ez dakigu zer gertatu zen eskoletan, zergatik itxi zuten, etab.; udala zen informazio hori eska zezakeen bakarra eta dagoen hutsunea udalaren jarreraren ondorio larria da". Eraikinaren egoerak txarrera egin duela eta hori udalaren ardura ere badela nabarmendu du ezker abertzaleak. Bestetik, Bakaikuko Udalarekin esan digute gaiaren inguruan ezer ez dakitela. "Espainiako Auzitegi Nazionalari eta Foruzaingoari informazioa eskatu diegu eta erantzun ofizialik ez dugu jaso".