Bakaikuko iraganak etorkizuna du

Guaixe 2011ko maiatzaren 27a

Maiatzaren 28an, larunbatean, 19:00etan, Bakaikuko udaletxeanNolakoa zen gure aiton-aminen bizimodua? Galdera horri erantzun nahi izan dio Bakaikuko Udalak. Joan zen mendeko herritarren kultur adierazpenak, bizimodua eta gertaeren testigantzak galtzeko beldur, adinekoak elkarrizketatu eta informazio hori bildu nahi izan dute. Bilketa lan horren fruitua da Bakaiku, haitzen begiradapean dokumentala. Bihar aurkeztuko dute Bakaikuko Udalean. DokumentalaLabrit enpresa arduratu da ondare ez-materialaren bilketaz eta tratamenduaz. Joan zen mendearen lekuko izan zen belaunaldia elkarrizketatu zuten. Zehazki, Bakaikun Jose Barandiaran, Elvira Fernandez, Paulina Lopez de Zubiria, Zacarias Quintana, Agustin Lopez de Zubiria, Florentino Goikoetxea, Polonia Zunzarren, Aniceta Galarza, Pedro Miguel Quintana eta Francisca Galarza  elkarrizketatu dituzte. 2010eko udaberrian eta udan egin zituzten elkarrizketak. Elkarrizketa etnografiko horiek dira Bakaiku haitzen begiradapean dokumentalaren oinarria. Elkarrizketa horiekin batera, hizlarien etxeak. 1957tik 2008ra arteko ortofotoak ere ageri dira, mende erdian Bakaikuko herriak eta inguruko soroek izan duten aldaketaren testigu. Bakaikuko abesbatzak jarri du musika. Dokumentalak 45 minutuko iraupena du.Enara Insausti izan da bideoaren gidoilaria eta arduraduna, Gaizka Arangurenen zuzendaritzapean. Arbizuarrak aurkeztuko du dokumentala eta elkarrizketatuek kopia bana jasoko dute. Gainerako herritarrek aurki izanen dute DVDa eskuratzeko aukera, inguruko liburu dendetan. Ondare ez-materialaBakaikun egindako elkarrizketa etnografikoak Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboan gordeko da. Artxiboa ondare hori bildu eta hurrengo belaunaldiei eskaintzeko helburuarekin sortu zen. Belaunaldi aldaketarekin batera kultur aldaketa gertatu da; ahozko transmisioa oinarri zuen gizartea, gaur ikus-entzunezko jendartea da. Ahozko ondare hori galduko ez bada, beharrezkoa da kultura tradizionalaren azken aztarnak biltzea. Elkarrizketatuei eguneroko bizitza, herriko harremanak, bizitzako faseak, ekonomia, historia eta politika, kultura eta bestelako kontuei buruz galdetuko zaie. Ahozko ondare aberats horrek gure herriak duela 50-70-90 urte nolakoak ziren erakutsiko digu.Bakaikun ez ezik, herriko ondare ez-materiala biltzen ari dira Sakanako beste zenbait herritan ere. Arbizun eta Lakuntzan bilketa egina dute eta horretan ari dira Arruazun, Olatzagutian, Urdiainen, Ziordian, Etxarri Aranatzen eta Irurtzunen. Bestalde, Euskarabideak eskatuta, Labrit enpresak 11 sakandar elkarrizketatuko ditu haien euskalkiaren testigantza gordetzeko helburuarekin.