Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bakaiku Udalak eta Labrit ondarea erakundeak Bakaiku, haitzen begiradapean dokumentala aurkeztu zuten larunbatean Bakaikuko udaletxean. Herritarrek gogotsu hartu zuten aurkezpena eta aretoa leporaino bete zen. Batek edo bestek osasun arazoengatik huts egin bazuen ere, bertan egon ziren dokumentaleko protagonista gehienak. Bat baino gehiago hunkitu egin zen haien burua edo herritarrena pantaila handian ikustean. Bakaiku, haitzen begiradapean dokumentala XX. mendeko bizimoduaren testimonio bizia da. Adineko 10 bakaikuarrei egindako elkarrizketetan oinarritzen da, "horrek suposatzen duen bizitasunarekin, emozioarekin eta ikuspuntu ezberdinekin" adierazi zuen Enara Insaustik Beleixe irratian. Ez da erraza izan 15 orduko elkarrizketa bilduma dokumentalera eramatea; egileek hizlarien eta gaien arteko oreka mantendu nahi izan dute. Elkarrizketatuek etxearen, herriaren antolaketaren, lanbidearen eta kulturaren berri ematen dute. Dokumentala Bakaikuko eta Urbasako argazkiekin, zenbait jardueren errekreazioekin (adibidez, yuntziya eta lixubarena) eta herriko abesbatzaren emanaldiarekin osatu dute. Dokumentalari izena eman diote elkarrizketetan behin eta berriz agertzen ziren haitzek, "Bakaikuko garapenaren lekuko izan dira eta" azaldu zigun Enara Insaustik. Dokumentalak bildutako altxorra herritarren artean zabaltzeko aukera eskaintzen du. Bakaikuko Udalak DVD bana banatuko du herriko etxeetan. Gainerakoek Bakaiku, haitzen begiradapean dokumentala erosteko aukera izanen dute Sakanako liburu dendetan.