Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean Nafarroako auroroen bilgune izan zen Mendavia. XXXV. Nafarroako Auroroen Topaketan 85 taldek bat egin zuten. Haien artean zegoen Bakaikuko auroroen taldea. Nafarroako abeslariak ez ezik, Castellón, Valentzia, Zaragoza, Errioxa, Gipuzkoa eta Arabako auroroak ere baziren. Denera, 5.000 musikari bildu ziren. Auroroak lehen argi izpiekin batera atera ziren kalera. Goizeko 7:00etan herriko alkatearen agurra jaso zuten, eta hasiera eman zioten ospakizunari. Elkarrekin abestu zuten Salbea eta, jarraian, 85 taldeak herrian barna zabaldu ziren. Mendabiarrak auroroen doinu alaiekin esnatu ziren. Normalean goizean goiz entzuten diren melodiak egun osoz entzun ahal izan ziren. Bakaikuarren ekarpenaBakaikuko elizako korua kalera ateratzen da maiz. "Urtean lau bat aurora abesten ditugu herrian eta, gainera, duela 16 urtetik Nafarroako Auroroen Topaketan parte hartzen dugu" azaldu digu abesbatzako zuzendari Osane Leitzak. Horrela egin zuten igandean ere. Bakaikuko 20 bat abeslarik autobusera igo eta Mendabiarako bidea hartu zuten. Akordeoi bat eta lau gitarra joleren laguntzarekin, aurora ederrak zabaldu zituzten Lizarraldeko herriko karriketan barna. "Beteluarrekin batera gu gara euskaldun bakarrak eta horregatik, euskal abestiak eramaten saiatzen gara. Horrekin batera, herriko apaiz izandako Josetxo Olorizek konposatutako zenbait aurora abestu genituen" jakinarazi digu Osane Leitzak. Aurora ederrak abestu eta gero, bakaikuarrek Iratxen bazkaldu zuten. Mahaiaren inguruan agurtu zuten eguna.