Euskal abestiak kalez kale

Guaixe 2011ko uztailaren 22a

Bakaikuko kantariak kalera aterako dira larunbatean. Emanaldi berezia prestatu dute Santiagotarako: euskal kantuen emanaldia. Taldean, batez ere, Bakaikuko elizako koruko kideak daude, baina beste herritar batzuk ere animatu dira. Denera, 8 bat gizon eta 12 emakume inguru dira. Kantaldia prestatzeko Rafa Goñiren laguntza izan dute. Bakaikuarrak Gabonen bezperan hasi ziren euskal kantuak lantzen. Sei bat saio egin zituzten Rafa Goñirekin eta gustura geratu ziren. Horrela, festetan kantaldia egin zitekeela bururatu zitzaien. Hura prestatzen ari dira azken asteetan. "Euskal abesti ezagunak abestuko ditugu: Txoriak udan, Elizatikan konbenturaino, Azken dantza, Eperrak, Ume eder bat, Xalbadorren heriotza, Agur jaunak eta abar". Rafa Goñiren hitzetan "ez da demostrazio bat izanen. Helburua euskal kantak abesten herritarren artean giro polita sortzea da". Bakaikuarrak abestera animatu ditu.