Urrezko domina Lorenzo Ondarrari

Guaixe 2011ko azaroaren 18a

Nafarroako Abesbatzen Federazioak 2011ko Urrezko Dominak banatuko ditu gaur. Omenduen artean dago Lorenzo Ondarra bakaikuarra. Berako Jose Mari Goikoetxea eta Gallipienzoko Pedro Javier Sagües ere omenduko dituzte. Ekitaldi publikoa gaur, 20:00etan izanen da, Iruñeko Donibane auzoko La Asunción elizan. Nafarroako Abesbatzen Federazioak ekainaren 4an onartu zuen 2011ko urrezko dominen izendapena. Haien bidez, hiru omenduen ibilbidea saritu nahi da. Hirurak ere musikari handiak dira, eta haien emaria handia izan da. Federazioak bereziki abesbatzendako musikan egin duten ekarpena eskertu nahi du. Omenduek hartu-eman estua izan dute Nafarroako abesbatzekin eta beti ere laguntzeko prest izan dira. Irakaskuntzan, konposizioan eta zuzendaritzan lan handia egin dute. Lorenzo Ondarra bakaikuarrari dagokionez, Nafarroako abesbatzen errepertorioan falta ez den musikagilea da. 80 urte bete berri den honetan, omenaldi asko jaso ditu. Besteak beste, Euskal Herriko Txistularien Elkartearena eta Iruñeko Orfeoiarenarena.Omenaldi kantatuaMusikariak omentzeko erarik onena haien musika abestea da. Horretaz arduratuko dira Loyola eskolaniako ikasle ohien abesbatza, Ligouri abesbatza, Aoizko San Migel txiki koroa eta Etxarri Aranazko abesbatza. Hiru omenduekin lotura berezia duten abesbatzak dira. Sakandarrei dagokienez, Etxarriko abesbatzak besteak beste Lorenzo Ondarraren gabonetako kantak mustu zituen orkestrarekin batera. Gaurko kontzertuan bilduma hartako melodia bat eskainiko du, Etxarriko gabon kanta herrikoian oinarritutako Alabatua. Ezaguna egin zen Guridik Diez melodias vascas obran bildu zuelako. Lorenzo Ondarrak abesbatzendako moldatutako Benito Lertxundiren obra ezagunak ere eskainiko dituzte.Iruñeko Loyola eskolania Pedro Javier Sagües omenduak sortu zuen eta hortik haien parte-hartzea. Ligouri abesbatza, berriz, Jose Mari Goikoetxeak sortu zuen 1993an. Iruñeko abesbatzak beratarraren obrak eskainiko ditu. OmenduakLorenzo Ondarra (Bakaiku, 1031) Kaputxinoen Altsasuko seminarioan sartu zen 1942an. Bertan egin zituen solfeo, piano eta musika gregoriano ikasketak. 1954an apaiztu zen Iruñean. Garai hartan Aita Donostia ezagutu zuen. Gerora lan handia egin zuen haren obra editatzen. 1957an Donostiara joan zen. Organo ikasketak egin zituen Tomas Garbizurekin eta konposizioa landu zuen Francisco Escudero maisuarekin. Atzerrian zenbait egonaldi egin ditu musika lantzeko. Organo jole handia da. Konpositore bezala, musika patrimonio zabala utzi du, genero gehienak landuz. Zenbait sari irabazi ditu. Azpimarragarria da 1969an Dialogos soka eta organo seikoteari emandako Arte Ederretako Sari Nazionala.Pedro Javier Sagües (Gallipienzo, 1932) jesuitak ehun melodia herrikoi baino gehiago konpondu ditu koruendako. Jose Mari Goikoetxea (Bera, 1924) organo jole bikaina da eta lan handia egin du haur abeslariak hezten. Aipagarria da bi musikariek Agustin Gonzalez Acilu altsasuarraren ikasleak izan direla.