Ondarra omenaldiz omenaldi

Guaixe 2011ko azaroaren 25a

Iruñeko Baluarte antzokiak Lorenzo Ondarraren omenezko kontzertua hartuko du gaur. Nafarroako musika komunitatearen ordezkaritza zabalak parte hartuko du omenaldian: Iruñeko Orfeoiak eta San Fermin abesbatzak, Pablo Sarasate kontserbatorioko ikasleek eta txistularien elkarteko kideek. Musikariek Lorenzo Ondarraren kontzertu monografikoa eskainiko dute. Bakaikuarraren obra koralak eta kamerakoak entzuteko aukera ederra da. Besteak beste, Aitziber, Bihotz batez, Laudes, Sakandar II, Lo kantak eta Axuri beltza eskainiko dituzte. Gainera, Iruñeko Orfeoiak Pater Noster obra mustuko du.Lorenzo Ondarra 1931ko azaroan jaio zen Bakaikun. Zortzigarren hamarkada betetzera doan urtean, musika komunitateak bere lana txalotu nahi izan du. Zenbait omenaldi egin dizkiote: joan zen ostiralean Nafarroako Abesbatzen Federazioak omendu zuen. Sanferminetan, berriz, Euskal Herriko Txistularien elkartearen urrezko domina jaso zuen. Bestalde, gaurko omenaldian parte hartuko duen San Fermin abesbatzak diskoa grabatu du bakaikuarraren obrekin.