BC Boms eta Hell Beer Boys zuzenean

Guaixe 2011ko abenduaren 16a

Bakaikuko Gazte Asanbladak 14 urte betetzen ditu aurten. Abendu hasieran zenbait ekitaldi antolatu ditu urtemuga ospatzeko: bertso-afariak, gazte eguna, euskararen aldeko eguna, bideo emanaldiak, tailerrak eta abar. Urteurren ospakizunak amaitzeko, bihar kontzertu berezia dute. BC Bombs eta Hell Beer Boys taldeek elkartean joko dute.  BC Bombs taldeak bigarren lana aurkeztuko du, Let´s go bombs diskoa. Bilboko taldea esperientzia handiko musikariek osatzen dute. Besteak beste, Suspenders eta Oi! kobras rock talde gogorretatik, eta Akatz edo Potato ska taldetatik datoz. Haietatik guztietatik edan dute, baina gero haien bidea hartu dute. Horrela sortu da bilbotarren punk-rock melodiko berezia, koru itsaskorrez josia. Azken diskoan 11 abesti berri bildu dituzte. Haiek zuzenean entzutera gonbidatzen dute, "zuzenean asko irabazten dugu eta".Hell Beer Boys taldeak Beasainen sortutako oi! eta street-punk musika ekarriko du. Gipuzkoarrek zenbait disko dituzte: Ratas del Oria, My crew eta No Penseis por mi. Joan zen urtean argitaratu zuen azken diskoa, Heroes de la noche izenekoa. Diskoak agerian utzi du taldearen eboluzioa, rockaren eragina gero eta nabarmenagoa da. Bihar beasaindarren abestien erritmora dantzatzeko aukera izanen da Bakaikun.