Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iruñeko Gotorlekuko Silence.Re-vision erakusketan sareekin eta argiekin jolasten duten 9 pieza aurkeztu ditu bakaikuarrak. Artelanak Gotorlekurako espaziorako propio sortu ditu artistak. Parisen bizi den Asun Goikoetxea artista bakaikuarraren lanak gurean ikustea ez da erraza. Bakaikuarrak Artea Oinez erakusketan ez du sekula hutsik egiten, eta aurten bere lan bat ere 1512 arte erakusketan dago ikusgai. Baina bere erakusketa oso bat ikusteko atzera egin behar dugu. 2004an Nafarroako Museoan bere erakusketa bat egon zen, eta 2010ean Moises Perez de Albeniz galeriak hartu zuen bere obra, Karana izeneko erakusketan. Orain Silence.Re-vision izeneko erakusketa ekarri du Iruñeko Gotorlekuko Labera, ekainaren 24ra arte zabalik dagoena. Gotorlekurako propio prestatutako lanakAzken urteetako hausnarketaren eta lanaren berrikuspenaren ondorioa da Asun Goikoetxearen erakusketa. Sarez egindako 9 pieza ekarri ditu bakaikuarrak Iruñera, argiekin eta espazioarekin jokatzen duten 9 pieza, hain zuzen ere Gotorlekuko Labeko espazio zilindriko zehatzerako propio pentsatu eta sortutakoak. 9 piezak laukiluzeak dira, eta zintzilikatuta daude. Pertzepzioaren mugak arakatzen ditu Goikoetxeak, horretarako soilik hari eta lokarriak erabilita eta errepikapen grafikoan oinarrituta. Horretaz gain, marrazki txiki bat zintzilikatu du, laserrarekin egina, gainontzeko obraren kontrapuntu moduan. "Gotorlekuko Laberako proposamenarekin espazioarekin lan egiteko gogoa piztu zitzaidan" dio Goikoetxeak. Horrela, marrazkiaren eraikuntza metodoaren eta pertzepzioaren inguruan hausnarketa egiten du Goikoetxeak, baina marrazkiaren eta hirugarren dimentsioaren topaketak euskarriaren eliminazioa ekarriko du. Hala, artistak espazioan lan berria egiten du. Horretarako argiztapenarekin eta errepikapenarekin jolas egiten du, sarea erabiliz. Horrela, bata bestearen gaineko planoak sortuko dira, material, kolore eta lodiera ezberdinetako sareek eta argiztapenak areagotzen dutena, eta begiei enfokea zuzentzea eskatzen diotenak. Helburua: pertzepzioaren mugak probatzea eta arintasunaren edo trazu nimiñoenaren bilaketa egitea. Marrazkitik abiatuAzken urteetako hausnarketaren eta lanaren berrikuspenaren ondorioa da Silence.Re-vision erakusketa, 2010ean egin zuen Karana erakusketaren ildotik jarraituta. 2008an hasi zuen lan molde berria. "Nire egitasmo berria marrazkian oinarritzen da" azaldu zuen orduan artista bakaikuarrak. "Lanaren norabidea aldatu eta erabaki nuen sormen prozesua barrutik, bizitakotik abiatzea, irudiak eta ideiak sortzen diren bezala" dio. Ondorioz, bere obretan marrazkia da irudikapen grafikoetako abiapuntua eta errepikapenaren bidez hedatu eta ugaritu egiten da.Gorputzak sentitzen duena eskuak egin dezakeen keinu minimora itzultzen du eta hura errepikatu. Bere irudiak sentsualak eta anbiguoak dira eta ikusmen-pertzepzioarekin egiten du jolas.OrdutegiaIruñeko Gotorlekuko Labean, ekainaren 24ra arte. Asteartetik ostiralera 18:30etik 21:00etara; larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:00etara; eta, igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita.