Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbat goizean 11 bakaikuar bargan eta mendian izan ziren lanean, motozerra, zarrakamalda, matxetea, aizkora edota aitzurrez lagunduta. Bakaikuko Udaleko Kirol Batzordeak deitutako auzolanean. Lanean aritu ziren bakaikuarren egitekoa mendi-ibilbidea margoz seinaleztatzea (3 herritar) eta bidea txukuntzea izan zen (8 herritar), batez ere bidera eroritako adarrak eta zuhaitzak kentzen aritu ziren, baita sihetsean ere. Lanak Bakaikun kirola eta turismoa sustatzea du helburu. Egitekoak asko izan ziren larunbatean eta, giro ederrean lanean aritu baziren ere, ezin izan zuten lana despeditu. 100 bat metro falta dira egiteko. Horretaz gain, Kirol Batzordeak ibilbidearen hasieran argibide taula jarriko du, gas biltegiaren ondoan. Taula zaharberritu egin dute Estanisek eta Ramon Gilek eta mapa prest dagoenean jarriko dute. Ibilbide zirkularraBakaikutik abiatu, Urbasara igo eta berriro herrira bueltatzeko aukera ematen du prestatutako ibilbideak. 5,3 km-ko luzera du eta 575 metroko desnibela. Bidea Malkordi, Urdinbide, Ottonarri, Soldaulaurri, Zidarbide, Oineta, Txopordi, Santa Marina, Iturlatz, Dantzalarre eta Gaztainaldia dermioetatik pasatzen da, atzera ere Malkordira jotzeko eta handik herrira. AuzolanaMaiatzaren 11n sortu zen Bakaikuko Kirol Batzordea, herrian kirol jarduera eta ekimenak sustatu asmoz. Udaletik jakinarazi dutenez kirolaren arloan ekarpena egiteko prest dauden bakaikuar guztiei dago zabalik batzordea. Batzorde sortu berriak aurrera eraman duen ekimena izan da mendi-ibilbidea seinaleztatzea eta txukuntzea. Udalaren egoera ekonomiko larria kontuan hartuta batzordeak erabaki zuen lanak herritarren artean egitea, auzolanean. Larunbatekoa eta gero Bakaikuko Udaletik adierazi digutenez, "atzera ere, agerian geratu da auzolanak duen potentzialtasuna eta herritarren inplikazioak herriari egiten dion onura. Gurea bezalako herrien nortasuna indartu eta herriaren alde lan egiteko parada ezin hobea da auzolana". Aldi berean, herritarrek eta udalak bizi duten garai ekonomiko zailetan ezinbestekotzat jo zuten.