June Kintana junior mailako Atletismo Mundialetan

Guaixe 2012ko uztailaren 18a

Bartzelonak junior mailako Atletismo Mundialak hartu ditu asteburuan. June Kintana atleta emakumeen disko jaurtiketan aritu da. Ostiralean lehiatu zen bakaikuarra, eta astelehenean itzuli zen etxera. "Mundialetan aritzen naizen lehen aldia da. Esperientzia oso ona izan da, puntako atleten ondoan aritu naizelako. Dena den pena dut nire maila eman ez dudalako. Hobeago joan ahal ziren gauzak, baina..." dio. Izan ere, Junek 49 metro jaurtiki izan du diskoa, baina Bartzelonan 44 metroren bueltan ibili zen. Horregatik, ez zen finalera sailkatu, finalean sartzeko 49 metrora jaurtiki behar baitzen diskoa. "Hori da nire marka, 49 metro, baina Bartzelonan gauzak gaizki atera zitzaizkidan. Urduritasuna edo..." azaldu digu Junek. Disko jaurtilari bakaikoarra abuztuaren bukaeran itzuliko da konpetiziora, Iruñean Espainiako Atletismo Txapelketa absolutua baitago jokoan. Kurtsoan barna astean 6 egunez entrenatzen da Iruñeko Larrabiden, egunero bi ordu inguruan. Udan zehozer erlaxatzen dira entrenamenduak, baina hala ere Pamplona Atletico taldeko atletak Mundialetan baino hobe aritzea espero du.