Zinegotzi aldaketa Bakaikun

Guaixe 2012ko urriaren 17a

Irailaren 25eko udalbatzan zinegotzi aldaketa egin zen Bakaikuko udal osoko bilkuran. Egoitz Urrizak eta Izaskun Kintanak Patxi Ondarra eta Juan Mari Aiestaran zinegotzien lekua hartu zuten. Erabakia iazko hauteskundeen aurretik hitzartuta zegoen. Bakaikuko Bilduk jakitera eman duenez, Egoitzek eta Izaskunek irailaren 25ean hartu zuten zinegotzi akta, eta "urteetan Udalean egindako lanari jarraipena emango diote". Bilduk gaineratu duenez, legegintza hasieratik Udalean lanean egon dira Egoitz eta Izaskun, eta "orain errealitate horren legeztatzea eman da". Bakaikuko Bilduk eskerrak eman dizkie Patxi Ondarrari eta Juan Mari Aiestarani. "Bere garaian zerrendak egitea ahalbideratu zuten, eta euren konpromisorik gabe gaur egun ez litzateke egoera berdina izango" nabarmendu du Bilduk, eta aurrerantzean bidelagun izango direla gaineratu du koalizioak.  ArrazoiaBakaikuko Bilduk adierazi duenez, aurreko hauteskundeetan dago aipatu aldaketa hauen arrazoia. "2011ko hauteskundeetan 30 bakaikuar baino gehiagok ezin izan zuten Bilduren zerrendatan aurkeztu legez kanporatzearen mehatxupean. Horregatik aurretik ezker abertzalearen inguruko zerrendatan joan ez zen jendea bilatu zen zerrenda osatzeko. Baina euskal jendarteak ilegalizazioaren aroa gainditzea lortu du eta egoera berri honen baitan kokatzen da aipatu zinegotzien aldaketa". Aurrerantzean halako aldaketa gehiago izan daitezkeela aurreratu du koalizioak.  Urriaren 12an auzolaneanHispanitatearen egunean auzolanean ibili ziren zinegotziak. Udalak pala txiki bat alokatu zuen, eta Mandubitan utzita zeuden obra-hondakinekin basoko hainbat bideetako zuloak bete zituzten. Auzolan bidez herriaren alde aritzea "nahitaezkoa" dela azpimarratu dute.