Azaroa da gaztainak mozteko hilabetea

Guaixe 2013ko aza. 14a, 08:12

Udazkena da gaztainak hartzeko garaia. Garai batean Bakaikun Gaztaina Mozte eguna ospatzen zuten. Familia bakoitzak hainbat gaztainondo zituen. Egun bat egokitzen zuten gaztainak hartzeko. Basotik abere guztiak ateratzen zituzten eta basoa zaintzen bi guarda jartzen zituzten. Bando baten bidez gaztaina biltzeko eguna izango zela esaten zuten, eta ezkilak jotzen zituztenean gaztainak hartzera joaten ziren. Garaiak aldatu dira eta gaur egun gaztainak ez dira lehen bezain beharrezkoak.Bakaikun, hala ere, 1960ko hamarkadan galdutako festa berreskuratu nahi dute eta larunbatean Gaztaina mozte eguna ospatu zuten.

Festa aldatu da. Dagoeneko gaztainondoak herriarenak dira eta askoz gutxiago daude. Gainera, Agustin Lopez de Zubiriak gaztaina bilketarekin hasi aurretik esan zuenez aurten ez dira gaztaina asko egon, lehorteak izan direlako. Dena dela, basotik ibiltzen ari zirela nahiko gaztaina aurkitu zituzten. Gehienak saboiak ziren, hau da, zaharrak. Beste hainbat ipurximurrak edo dagoeneko ximeldu direnak. Baina zortea izan zuten eta latxa-ren bat ere aurkitu zuten. Goiza amaitzeko bildutako gaztainak erreta jan zituzten Bakarrekoetxea elkartean.