Animalien eta abeltzainekin eta abereekin zerikusia duten lanbideen babeslea da gaurko eguna, San Anton. Sakanan abeltzaintzak eta mandazainek indarra zuten garaitik heldu diren lau kofradia iritsi dira gaur egunera eta haietako kofradeak izanen dira bihar eta etzi elkartuko direnak. Herri bakoitzeko san antondarrak euren herriko elizan bilduko dira. Elizkizuna eta gero karguak berrituko dituzte eta bilkura mahaiaren inguruan despedituko dute, bazkaltzen.
Dorrao
Goizterren bilduko diren san antondar sakandarrak dorrobarrak izanen dira. Bihar 9:00etan mezan elkartuko dira kofradeak. Handik priorearen etxera joanen dira errespontsoa errezatzera. Hildako kofradeen alde egindako otoitzak izanen dira goiz parteko horiek. Gero gosaltzera elkartuko dira. Bazkaldu aurretik prioreak eta idazkariak kofradiaren martxaren berri emanen dute. San antondar dorrobarrek Itur Aldea elkartean bazkalduko dute.
Bakaiku
Hildako kofradeen aldeko elizkizuna 13:00etan eginen da Bakaikun. Handik aterata, Bakarreko etxea elkartean, san antondar bakaikuarrak bildu eta ardura postua berritu (maiordomoa eta beleroa) eta kontu liburua egunean jarriko dute. Horiek despedituta elkartean bazkalduko dute.
Iturmendi
Domekan, 11:00etan, San Anton kofradiako kideak elizan bilduko dira, hildako kofradeen aldeko elizkizunean. Meza eta gero apaiz-etxean kofradiaren kontuak zuritu eta ardurak banatuko dituzte (priorea eta abanderadoa edo languntzailea). Horiek despedituta, Aritzaga elkartean bazkaltzera bilduko dira.
Urdiain
Hildako kofradeen aldeko elizkizunak elkartuko ditu larunbat eguerdian san antondar urdiaindarrak. Meza ondoren lehen ohikoa zen eliza atarian abereak bedeinkatzea. Aspaldi animaliarik eramaten ez bada ere eliza atean bedeinkapenari eusten zaio. Elizako eginkizunak, San Antonen omenezko kanta abestuz despedituko dute. Handik, segituan herriaren etxera joanen dira kofradeak. Kontuak egunean jarri eta karguak, maiordomoak, berrituko dituzte. Lan horiek eginda Aitziber elkartean bazkaita joanen dira.