June Kintanari goitik behera aldatu zaio bizitza. Aurten 19 urte beteko dituen disko jaurtitzaile bakaikoarra Leonera joan da, ikasketak eta kirola uztartzera. “Betidanik albaitaritza ikasi nahi izan dut. Eta, bestetik, disko jaurtiketan jarraitu nahi nuela argi nuen. Horrela, Leonera etorri naiz. Bertan albaitaritza ikasteaz gain, CEAR (Centro Especial Alto Rendimiento Deportivo) zentroa dago, eta bertan disko jaurtiketa entrenatzen aritzen naiz” adierazi digu Junek.
June Kintanak 18 urte dauzka eta disko jaurtitzaile bikaina da. Juniorretako bigarren urteko kategorian dago, baina maila absolutuan ere lehiatzen da. “Jubeniletatik hasita kilo bat pisatzen duen diskoarekin hasten gara lehiatzen, maila absolutukoek ere erabiltzen dutena. Hortaz, maila absolutuan ere lehiatzen naiz” azaldu digu bakaikoarrak. Larunbatean, martxoaren 1ean, Espainiako Atletismo Txapelketen barruan Jaurtiketa Luzeen Txapelketa jokatuko da, disko jaurtiketan, mailu jaurtiketan eta jabalinan, eta bertan ariko da June.
Leongo errendimendu altuko zentroan trebatzen da
Estatuko disko jaurtitzaile onenetakoa dugu June. Bere marka: iaz 49 metro eta 68 zentimetrora bidali izan du diskoa txapelketa batean. Junior mailako Europako Atletismo Txapelketan ere aritu zen eta disko txapelketako finalean 6.a izan zen (49,17m).
Oraindik 18 urte dituela kontuan hartuta, progresiorako tartea badu Kintanak. Egunero entrenatzen du CEAR-en, igandeetan izan ezik, gutxi gorabehera 4 ordu egunero. “CEAR jaurtiketako zentro hoberenetakoa da Europa mailan. Errendimendu altuko zentroa da, eta entrenatzeko paregabea. Hemen zure mailan dabilen jendearekin entrenatzen duzu, eta alde horretatik gehiago saiatzen zara, entrenatzeko behar duzun giroa da, eta emaitzak onak izaten ari dira. Izan ere, Iruñean kasik ez nuen konpetentziarik. Hemen bai, eta motibatuago aritzen naiz. Instalazio onenak dira entrenatzeko eta hiri berean albaitaritza ikasi ahal dudanez, Leonera etortzea erabaki nuen” azaldu digu Kintanak.
Espainiako Txapelketetan domina kolkoratzea helburu
Kintanak jaurtiketa luzeetako kirolari onenekin batera entrenatzen du, eta beraiek izango dira bere arerio nagusiak, hain zuzen, bihar Leonen jokatuko den Espainiako Txapelketan. “Disko jaurtiketan Sabina Asenjo da estatuko onena. 27 urte ditu eta Espainiako txapelduna da, eta bera da biharko faborito nagusia. Iaz bigarren izan zen Belen Toimil oso ona da. Ni iaz hirugarrena izan nintzen, eta ea nola ibiltzen naizen bihar” azaldu digu bakaikoarrak.
Sasoi betean topatu dugu June. “Ongi ikusten dut nire burua, baina txapelketa egunean denak kontatzen du. Nolako eguna dudan, eguraldiak… Izan ere, hotz handia egiten badu, egun osoan gorputza bero mantendu behar duzu, beroketa asko egin… Egia esan, nik hotzarekin ez dut arazo gehiegi, hotzari ohituta gaude, baina kirolari askori gogorra egiten zaie” azaldu digu. Txapelketan 6 jaurtiketa egin beharko dituzte, eta egindako distantziarik luzeena hartuko da kontuan. “Helburua dominaren bat lortzea litzateke. Aukerak baditut, baina ea nola doan eguna. Nire marka gaindituko dudan ala ez? Aukerak badaude eta nahiko nuke; ea posible den” adierazi digu, irribarrez.
Leonen bizitzea eta errendimendu altuko zentroan aritzea esperientzia ona da bakaikoarrarentzat, baina badu beste aldea ere. “Hasieran etxetik urrun egotea oso gogorra egin zitzaidan. Besteak bizpahiru astero etxera joaten dira, eta ni bizpahiru hilero. Izan ere Leon Bakaikutik 400 kilometrora dago, urruti. Herrimina da okerrena, familia eta lagunengandik urrun egotea… Hemen ere lagunak egin ditut, baina ez da berdina. Baina beno, noizean behin familia eta lagunak etortzen dira eta pozik” aitortu digu.