Etorkizuneko Bakaiku gaurtik

Guaixe 2014ko mar. 7a, 11:00
Udalak herritarrekin batera 2025eko Bakaiku nolakoa izan behar duen zehaztu nahi du.

Bakaikuarrek gaur euren etxeetan udalak banatutako inkesta bat jasoko dute. Udalak herriaren 2025 urte bitarteko beharrei aurre egiteko plana osatu nahi du. Jon Tabar alkateak esan duenez, langintza horretarako “herriaren iritzia jaso eta berarekin batera lan egin nahi dugu”. Horregatik, “inkesta, batzar eta lantaldeetan oinarritutako prozesu parte-hartzailea jarri dugu martxan”, zehaztu du Tabarrek. Eta gaineratu du bakaikuarrak izanen direla etorkizuneko Bakaiku irudikatu eta oinarri nagusiak erabakiko dituztenak. Hori dela eta, parte hartzera gonbidatu ditu. Alkateak jakinarazi du prozesuan zehar hartzen diren erabakiak errespetatuko dituela.

Hiru faseko prozesu bat zehaztu dutela azaldu du Egoitz Urritza zinegotziak. Gaur banatutako inkestarekin Bakaikuren diagnosi faseari ekinen diote. Urritzak esan duenez, “herriak dituen aukerak, erronkak, arriskuak eta gabeziak identifikatu nahi ditugu”. Bakaikuarrek bi aste dituzte, martxoaren 21era arte, inkesta bete eta udaletxeko idazkaritzan edo buzoian aurkezteko. Urritzak jakinarazi duenez, bitarte horretan udala herriko taldeekin (jubila elkartea, gazte asanblada, gurasoak…) elkartuko da zuzenean haien iritzia jasotzeko.

Beste bi fase
Inkesten emaitzak eta bileretako ondorioak batu ondoren, Bakaikuko Udalaren asmoa da Aste Santu aurretik batzarra deitzea. “Inkesten emaitzak erakutsi eta ondorioak ateratzeko garaia izanen da” esan du Aner Galartza zinegotziak. “Batzarrean ateratako ondorioen arabera lantaldeak osatuko ditugu. Haietan ondorioez aritu eta proposamenak eztabaidatu eta eraikiko dira” azaldu du Galartzak. Gauzak ongi egin nahi dituztela eta, horretarako, eztabaidatzeko behar bezain beste denbora eman nahi dutela jakinarazi du Galartzak.

Bigarren fasean zehaztutako ondorio eta proposamen zehatzak bakaikuar guztiei aurkeztuko dizkiete, azken fasean proposamenak aukeratu eta lehentasunak marka ditzaten. Horretarako beste inkesta bat zabalduko dute eta azken erabakiak batzarrean hartuko direla azaldu du Galartzak. “Prozesuan ahalik eta informazio zabalena ematen saiatuko gara, jendearen parte hartzea bulkatzeko” ziurtatu du alkateak.



Inkesta
Hainbat arlo ditu gaur banatutako inkestak eta horietan guztietan Bakaikuk zer norabide izan beharko lukeen esan ahalko dute herritarrek. Galde erantzunez aparte, inkestak ekarpenak egiteko aukera ematen du. Euskararen egoeraren inguruko iritzia eta erabilera sustatzeko neurriez galdetzen da inkestan. Eskaintza urte guztian zabaldu behar ote den, festak nolakoak behar duten eta ohituren inguruan galdetzen da kulturari eskainitako atalean. Kirol sustapenerako Bakaikun beharrezko diren proposamenak egiteko eskatzen du udalak inkestan. Ingurumenak nahikoa babes ote duen, hobetzeko neurriak, iturri, zuhaitz, landare, baso eta xenda jakinen egoera hobetu daitekeen ere galdetzen du.

Herriak behar lukeen azpiegitura publikoez ere galdetzen die udalak bakaikuarrei. Era berean, herriko emakume, gazte eta adinekoen beharrak identifikatzeko eskatzen da. Sozio-ekonomia aldetik herria hobetzeko neurriak ematea eskatzen diete bakaikuarrei ere udaletik.