Gaztainondoak aurrera ateratzeko lan taldea sortuko da

Guaixe 2014ko mar. 13a, 12:30
Martxoaren 21ean, ostiralean, 19:00etan auzora joateko deia egin da

Gaztaina biltze egunean hainbat galdera sortu zitzaien parte hartu zuten bakaikuarrei: zergatik gaixotu ziren gaztainondoak? Sendatzerik dute? Berriak landatu edo zaharrak kimatu? Nola eta non egin? Erantzuna bilatu nahian Kultura Batzordeak otsaileko lehen ostiralean mahai-ingurua egin zuen udaletxean eta Berako baso ingeniari batek parte hartu zuen. 20 herritar elkartu ziren, gaiak pizten duen interesaren adierazgarri.

Basozainak profesionalak eta herritarrak elkarlanean aritzearen beharra nabarmendu zuen. Gaztainondoen osasuna berreskuratzeko aukera bat baino gehiago erabiltzea proposatu zuen adituak. Hainbat urte iraunen lukeen plana egitea proposatu zuen eta gaztigatu zuen epe motzean emaitza ikusi nahi duenak 5 eta 10 urte bitartean itxaron beharko lukeela.

Mahai-inguruan ideia, zalantza, proposamen ugari atera ziren eta lan talde bat sortzea erabaki zen. Martxoaren 21erako deitu dute bilera, gaztainondoez arduratuko den lan taldea sortzeko. Interesatuta dauden bakaikuar guztiak gonbidatu ditu batzordeak.

Garrantzia
Garai batean aparteko garrantzia izan zuen gaztainak bakaikuarren bizitzan. Familia bakoitzak hainbat gaztainondo zituen. Egun bat zehazten zuten Bakaikun gaztainak hartzeko. Gaztaina mozte eguna ospatu izan zen pasa den mendeko 60ko hamarkadara arte.