Narrazioan aipamena Etxeberriarendako

Guaixe 2014ko martxoaren 20a

Besaingo Udalak antolatutako narrazioen lehiaketan, D mailan, aipamen berezia eskuratu zuen Laida Etxeberria Caiuelak.

Bakaikuarrak lehiaketara Agur t´erdi, zure ohi Oihane izenburuko idazlana aurkeztu zuen. Etxeberriak azaldu digunez, “maitasun erlazio bat azaltzen da maitasun gutun modura. Beti buruan duela baina banatu beharra dutela adierazten du idazleak. Akaberan jakiten da telefonoari idazten ari diola”. Narrazioarekin bakaikuarrak teknologia berrien, bereziki telefonoen, gehiegizko erabilerari kritika egin nahi izan dio.

Etxeberriak azaldu digunez, “txikitatik ondo idatzi izan dut, baina lehiaketetan aurkeztera ez naiz animatu”. Atzerrian izan zenean egunerokoa idazten hasi zen eta narrazioa segida izan da. Idaztearena zaletasuna dela esan digu eta ondo idazten dakiela gaineratu du.  Ordiziako Goierri eskolan DBH II ikasten ari da. Irakasle batek narrazio bana egiteko eskatu zien eta ondoren aukerak zituela aipatu zion, lana lehiaketara aurkeztera animatuz. Gero etorri da saria.