Markesina bidaiariaren kasua

Guaixe 2014ko uztailaren 9a

Normalean autobusak dira batetik bestera joaten direnak eta markesinak beti toki berean gelditzen direnak. Ez da, ordea, hau kasua. Lakuntzako plaza berritzeko lanengatik autobus geltokia tokiz mugitu eta aldatu behar zuten.

Bakaikun aspaldiko asmoa zen herrian markesina bat jartzea. Bi herrietako udalak ados jarri eta hainbat bakaikuar Lakuntzara joan ziren, markesina desmuntatzera. Teilak eta egurrezko egiturak Bakaikura eraman zituzten. Porlanez zorua egin ondoren, asteburuan, auzolanean jaso dituzte bakaikuarrek markesinako paretak. Gainontzekoa ere auzolanean jasoko dutela esan digu Aner Galartza zinegotziak. Lanik handienak festetarako despedituak izatea espero du.

Paseatzaileendako aulkiak
Bakaikuko Udalak paseatzen ari den jendeak bide bazterrean atseden har dezan aulkiak jarri ditu. Dermioaren iparraldean, Etxarrira joateko Oporoko pistaren ertzean daude aulkietako batzuk. Hegoaldean, Iturmendira joateko Txoritaiko pista bazterrean izanen dira. Beste pistaren baten ertzean bakarren bat gehiago jartzea ez du baztertzen Galartza zinegotziak.