June Kintana junior mailako Mundialetan

Guaixe 2014ko uztailaren 22a

Finaletara heldu eta munduko 8 onenen artean sailkatzea da bere helburua

Pamplona Atlético taldeko June Kintana disko jaurtitzaile bakaikoarra Junior Mailako 15. Munduko Atletismo txapelketan aritzeko hautatu dute. Txapelketa Estatu Batuetako Oregon estatuko Eugene herriko Hayward Field pistetan jokatuko da, gaurtik hasita uztailaren 27ra bitartean. Guztira 167 herrialdeko 1.540 gaztek hartuko dute parte aipatu mundialean, 22 diziplina ezberdinetan.

June Kintana bakaikoarra disko jaurtiketan ariko da. Kintana Espainiako junior mailako disko jaurtitzaile txapelduna da eta juniorren munduko rankinean 4.a da, 55,66 metroko marka baitu. Helburua finalerako sailkatzea eta munduko 8 onenen artean sailkatzea da.

Kintana Eugenen dago, 16 orduko hegaldiaren ondoren. Bakaikoarrak 19 urte ditu eta kirol errendimendu altuko Leongo CEAR (Centro Especial Alto Rendimiento Deportivo) zentroan entrenatzen du. Aldi berean albaitaritza ikasketak egiten ari da Leonen. Disko jaurtiketan etorkizun handia du bakaikoarrak.