Helburua lortuta. Horrela itzuliko da June Kintana Estatu Batuetatik. Uztailaren 22tik 27ra Junior mailako 15. Munduko Atletismo Txapelketa jokatu da Oregon estatutuko Eugene hiriko Hayward Field pistetan. 167 herrialdeko 1.540 gaztek hartu zuten parte aipatu mundialean, 22 diziplina ezberdinetan. June Kintanak disko jaurtiketan parte hartu zuen.
Kintana Espainiako junior mailako disko jaurtitzaile txapelduna da, eta juniorren munduko rankinean laugarrena zela iritsi zen Mundialetara, 55,66 metroko markarekin. Helburua finalera heltzea eta munduko 8 onenen artean sailkatzea zen. Eta lortu du.
Emakumezkoen junior mailako disko jaurtiketan finalerako sailkatzea lortu zuen June Kintanak, diskoa 52,70 metrora jaurti eta gero. Ostiraleko final handian, Izabela Da Silva brasildarrak kolkoratu zuen urrea, 58, 08 metroko jaurtiketa ikusgarriarekin. Valeria Allman estatubatuarrak (56, 75 m) eta Navjeet Kaur Dhillon indiarrak (56, 36 m) osatu zuten podiuma. June Kintanak bere marka hobetu zuen eta 53,36 metroko jaurtiketa egin zuen, 8. postuan sailkatuz. Horrela, Mundialetatik diploma lortuta iritsiko da etxera 19 urteko gaztea. Egindako lanari esker, Espainiako Junior Rankinean lehena eta Munduko Junior Rakinean bosgarrena sailkatu da bakaikuarra eta etorkizun oparoa dauka. Zorionak!