Gaztaina garaia

Guaixe 2014ko urr. 24a, 09:37

Domekan Gaztain Moztea izanen da

Garai batean familia ekonomiaren osagarri preziatua zen gaztaina. Horregatik basoan zeuden gaztainondoak behar bezala zaintzen zituzten. Bakaikun badira urte batzuk gaztaina bilketa ohitura berreskuratu zela. Gaztainondoen osasunarekin kezkatuta ere lantalde bat osatu zen eta hura da etziko deialdia egin duena.


Hitzordua Mandubitan jarri dute, 10:00etan. Handik abiatuko da urteroko ibilbide gidatua. Aurten basoan buelta bat emateaz aparte, Gaztainondoen Lan-Taldeak lan txiki bat egitea proposatu du: gaztainondo gazte batzuen inguruan garbiketa lan batzuk egitea, zuhaitzak behar bezala haz daitezen.

Basoko lanak despedituta eta gaztainaz kargatuta, Bakarrekoetxea elkartera bueltatuko dira. Han, 12:30ean, basoan jasotako gaztainak motaren arabera sailkatuko dituzte eta haiekin mintegi txiki bat eginen dute. Hazi horietatik sortutako zuhaixkak heldu den urteko Gaztain Mozte egunean aldatzeko asmoa du Gaztainondoen Lan-Taldeak.

Domekan elkartetik pasatzen den guztiak gaztain mozteari buruzko erakusketa izanen du ikusgai. Bestalde, Koxko tabernan, eguerdian, udazkeneko pintxoak dastatzeko aukera izanen da, gaztainak, onttoak eta tripota osagai dituztenak.