Katxarro egun arrakastatsua

Guaixe 2015ko urr. 13a, 11:51

Auto, traktore, motore, bizikleta eta mota guztietako ibilgailu klasikoek egin zuten topo Bakaikun

Bakaikun auto eta ibilgailuendako zaletasun handia dagoela ez da gauza berria. Makina bat pilotu eta kopilotu eman ditu Bakaikuk, eta mota guztietako ibilgailu klasikoak daude bertan. Hortaz jakitun, ibilgailuekin bildu eta egun ederra pasatzea pentsatu zuten zenbait bakaikuarrek eta horrela jaio zen Katxarro Eguna. Bakarrekoetxea elkarteak eta Kotxko Tabernak antolatuta, larunbatean egin zen ospakizuna.


Ekimenak uste baino erantzun handiagoa izan zuen. 10:00etatik aurrera Bakaikuko plazan ibilgailu klasikoen topaketa egiteko deialdia zegoen, eta ekimenak izandako erantzuna paregabea izan zen. Mota guztietako ibilgailuak ikus zitezkeen: auto klasikoak, mota guztietakoak, Seat 600, Citroen 2cv, eta Mini ezagunak tarteko, motor klasiko eta zaharrak, traktore zaharrak, kamioi zaharrak, tartean Mercedes ikusgarri bat eta bizikleta zaharrak. Jendez eta ibilgailuz beteta zegoen Bakaiku, eguraldia eta giro paregabea lagun. 13:00etan, Bakaikutik abiatuta, Etxarri Aranatzera jo zuten Bakaikun bildutako ibilgailuek, buelta bat emateko asmoz. Lizarragabengoa eta Arbizutik barna ibili ziren, atzera ere Bakaikun biltzeko. Eta ondoren, Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartean bildu ziren bazkaltzera, giro paregabean. Txiki geratu zen elkartea.