Gaztaina sasoia

Guaixe 2015ko urr. 30a, 10:17

Laugarren urtez segituan Gaztain Mozte eguna ospatuko da Bakaikun. Bihar hasteko, beheko basoan, Mandubitan, jarri dute hitzordua 9:30ean. Han elkartzen direnek gaztainondo berri eta zaharren artean ibilbide gidatua izanen dute. Hura despeditzean auzatea izanen da eta Bernoako galtzadaren inguruko azalpenak jasoko dituzte. Basokoa despeditu eta gero, Bakarrekoetxea elkartean gaztainen ereite tailerra eginen da. Joan den urtean hartu eta ernamuinduta dauden gaztainak berlandatzeko eramatea eskatu dute. Elkarte parean dagoen Kotxko tabernan, azkenik, 13:00etatik aurrera udazkeneko pintxoak eta gaztaina moztearen inguruko erakusketa ikusgai izanen da.

Aurreko Gaztain Egunetan bakaikuarren artean herriko gaztainondoen egoerak kezka sortu zuen. Natura-ondare hori mantentzeko lantalde bat sortu zen eta azken bi urteetan, besteak beste, honakoak egin ditu: dauden gaztainondoen ingurua garbitu eta haiek markatu, gaztainondoei buruzko hitzaldia eta tailerra antolatu eta, udaberrian, gaztainondo berriak landatzea.

Garrantzia
Garai batean Bakaikuko familia bakoitzak hainbat gaztainondo zituen eta beharrezko elikagaia zen. Bando bidez haiek hartzeko eguna iragartzen zuten. Basotik abere guztiak ateratzen zituzten eta basoa zaintzen bi guarda jartzen zituzten. Eguna iritsita, ezkilak jotzen zituztenean gaztainak hartzera abiatzen ziren herritik. 1960ko hamarkadan galdu zen ohitura.