Gaztainak eta galtzada

Guaixe 2015ko aza. 5a, 13:39

Biak lotu zituzten larunbatean aurtengo Gaztain Mozte egunean. Bakaikuarrekin batera Milakolore elkartekoak beheko basora joatera animatu ziren, 50 pertsonatik gorako taldea osatuz. Behin gaztainadian zeudela Agustin Lopez de Zubiriak gaztainondoen inguruko informazio argigarriak eman zizkien bildutakoei: gaixotasunak, motak, emankortasuna eta zehazki osasungarriak ziren gaztainondoak markatu eta landatu diren gazteak txertatzeko aukera.

Talde argazkia egin ondoren Madubitan bertan izan zuten auzatea. Eta haraino joan zen Nicolas Arbizu iturmendiarra. Erromatar garaiko galtzaden inguruko informazioa eman zien, baita Bernoakoarenak ere, agerian gelditu diren zatiak erakustearekin batera. Bakaikuko galtzada auzolanean azalerazteko gonbitea luzatu zuen Arbizuk.

Herrira bueltan elkartera jo zuten eta zeramatzaten gaztainak lorontzietan jarri zituzten. Urte batez haiek etxean zainduko dituzte bakaikuarrek eta heldu den urtean basoan aldatuko dituzte. 2014ko batzuk aurrera egiten ari direla ikusi zuten larunbatean.