Sei bakaikuar Espainiako Auzitegi Nazionalera deituak

Guaixe 2015ko aza. 12a, 10:23

Alkateari, bi zinegotziri eta hiru herritarri “terrorismoaren apologia” egin izana egozten dien zitazio bana iritsi zaie.

Astelehenean sei bakaikuarrek Madrilgo epaitegitik idatzia jaso zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalean deklarazio hartzea azaroaren 20an egin nahi dietela jakinarazi die Santiago Pedraz epaileak. Seiei “terrorismoaren apologia” egin izana leporatzen zaie, bestelako argibiderik eman gabe. Bakaikuko EH Bilduko kideek uste dute zitazioa “festetan euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenean parte hartzeagatik” izan daitekeela. Jakinarazi dutenez, “Madrilera burua tente dugula joanen gara, jakitun baikara, gure herriaren gehiengoaren babesarekin goazela”.

Bakaikuko EH Bilduk “irmoki” salatu du “estatu espainiarraren epaitegi aparatutik etorritako eraso hau”. Koalizioak estatuak “Euskal Herriak pairatzen duen gatazka betikotzeko apustua berritu” duela salatu du. Koalizioko kideen iritziz, “Bakaikun, eta udan Nafarroako hainbat herritan gertatutakoak, Nafarroako aldaketaren aurka ongi planifikatutako estrategia politikoaren parte ere badira”. EH Bilduk euskal jendartearen gehiengo zabalak presoen eskubideen defentsa egiten duela gogorarazi eta eskubide horien defentsa ezin dela delitu bihurtu gaztigatu du. Gizarteak preso politikoen eskubideen defentsan lanean jarraituko duela ohartarazi du.

Deialdiak
Bakaikuar talde batek herritarrei dei egin die larunbatean, 13:00etan, Bakaikuko plazan eginen den elkartasun argazkian parte hartzeko. Bestalde, heldu den asteazkenean Bakaikuko Udalak udal bilkura berezia eginen du, “erasoa salatzeko”.