Bakaikuarrek deklaratzera deitutakoak babestu dituzte

Guaixe 2015ko aza. 17a, 08:07
Auzitegi Nazionalera deituei elkartasuna azlatzeko elkartasun argazkia egin zuten larunbatean.

Larunbatean ehundik gora bakaikuarrek euren elkartasuna eta babesa azaldu zieten Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deituak dauden sei herritarrei. Horretarako elkartu ziren larunbatean eta talde argazkia egin zuten. Elkartutako bakaikuarrek euren herrian “bakean eta lasai bizi” nahi dutela adierazi zuten, eta gaineratu zutenez, herriko bizitza “oztopatzen duten kanpoko esku-hartzeak ez ditugu onartzen”. Aldi berean, bakaikuarrek adierazi zuten euskal presoen eskubideak aldarrikatzea ez dela delitua, “euskal gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duena baizik”.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak Bakaikuko alkatea, bi zinegotzi eta hiru herritar Madrilera deitu ditu. Zitazioan “terrorismoaren apologia” egin izana leporatzen zaie, bestelako argibiderik eman gabe. Bakaikuko EH Bilduko kideen susmoa da “festen testu inguruan euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimenean parte hartzeagatik” deitu dituela epaileak.

Zitazioa ostiralerako zuten, baina abokatuaren eskariz Madrilera joan beharrean sei bakaikuarrek Iruñeko justizia jauregian deklaratuko dute. Abenduaren 1ean izanen da eta bideo-konferentzia bidez deklaratuko dute. “Erasoa” salatzeko Bakaikuko Udalak batza berezia eginen du bihar, 19:00etan.