Iruñeko Orfeoiak Lorenzo Ondarraren obra baten zatia mustuko du

Guaixe 2015ko abe. 3a, 08:55

Lorenzo Ondarra bakaikuarrak Set cançons populars Catalanes harmonizatu zituen. Orfeo Catalak 1964an antolatutako lehiaketa lan horrekin irabazi zuen Ondarrak. Haietako lau Orfeo Catalak mustu zituen 1968an. Gelditzen diren hiruak igandean mustuko ditu Iruñeko Orfeoiak. Bartzelonako Palau de la Musica Catalanan. Hiru pieza gaur entzuteko aukera ere izanen dira, orfeoiak Iruñeko Baluarte auditoriumean eskainiko duen kontzertuan.

Igor Ijurra zuzendariak azaldu duenez, Iruñekoa kontzertu berezia izanen da, “hiru gauza ospatzen direlako: Nafarroaren Eguna, Joaquin Larregla konpositorea jaio zela 150 urte beteko dira eta, aldi berean, Orfeoiko kide izan direnei omenaldia da”. Horregatik, kontzertuaren bigarren zatian kantatzera gonbidatu dituzte (100 bat animatu dira), “haiek gabe gaur egun ez ginatekeelako hemen egonen”. Kontzertuaren bigarren zati horretan orfeoiaren errepertorio klasikoko obrak eskainiko dituzte: Fernando Remacha, Joaquin Larregla, Jose Antonio Uharte, Hilarion Eslaba, Carl Orff, Aita Donostia…

Iruñeko kontzertuaren lehen zatian, pianoak lagunduta, aipatutako Ondarraren hiru kantuen harmonizazioaren mustutzeaz aparte, Koldo Pastor (Lau euskal doinu-ren aukeraketa, Ijurraren omenez), Sagastizabal edo Raimundo Lanasen lanak eskainiko ditu Iruñeko Orfeoiak. Aurten 150 urte bete dituen musika erakundeak, beraz, musikari nafarren obraz betetako egitaraua prestatu du Nafarroaren Egunerako.