Bakaikuko Gure Esku Dago-k deituta 60 bat bakaikuar elkartu ziren batzarrean larunbatean eta herrian galdeketa antolatzea erabaki zuten. Dagoeneko lantalde bat lanean dago, bakaikuarrekin batera galdeketako galdera eta metodologia adosteko. “Gune irekiak sortuko ditugu, bakaikuarrek parte hartzeko”.
Galdeketaren ikur gisa herri gainean, Urbasan, dagoen Hiru haitzeta hartu dute. Herriaren sinboloa dena galdeketako leloa ere izanen da: gure h(a)itzak. “Gure eta hitzak/haitzak hitz-jokoaren bidez, gure herriaren nortasunarekin lotzen dugu galdeketa, era berean, haitz horien gerizpea iritzi anitzen topaleku bilakatuz”.
Garagarrilaren 19an Bakaikuz aparte Euskal Herriko beste 23 herritan galdeketak eginen dituzte: Goierriko 22tan eta Diman. Aste bat lehenago Azpeitian eginen dute. 2014ko apirilaren 13an etxarriarrek egin zen aurreneko herri galdeketa. Euskal Herri independente baten herritarra izan nahi duzu? galderari %94k baiezkoa erantzun zion. Parte hartzea %41ekoa izan zen.
130 sinadura
Bakaikuko erroldan 290 pertsona daude. Herri galdeketaren alde sinadurak biltzen aritu dira azken asteetan eta 130 babes jaso dituzte dagoeneko. “Babes anitza” dela gaztigatu dute. “bilketa ez da bukatu eta sinadura kopurua handitzea da gure helburua”.