Herri galdeketa Bakaikun

146 bakaikuarrek babestu dute herri galdeketa

Guaixe 2016ko api. 29a, 11:42

Bakaikuarrei inkestak erantzun eta Adosgunean parte hartzeko gonbidapena egin diete.

Hego Euskal Herriko beste hainbat herrietan bezala, Bakaikun ere herri galdeketa izanen da garagarrilean. 300 bat bakaikuarrek izanen dute botoa emateko aukera eta haietatik 146 babestu dute dagoeneko galdeketa. Sustatzaileek diotenez, “sinadura kopuruak badu garrantzia, baina are garrantzia gehiago ematen diogu lortutako aniztasunari, sentsibilitate ezberdineko hainbat herritarrek eman baitiote sostengua kontsultari”. Gaineratu dutenez, “herri kontsulta hau erronka handia da guretako eta, horregatik, galdeketa elkargune anitz, garden, parte-hartzaile eta zabala izatea nahi dugu”.

Erabakitze eskubidea praktikan jartzeko sustatzaileek bakaikuarren parte-hartzea nahi dute. Galdeketako galdera herritarrek erabakitzea nahi dute. Horretarako hainbat ekimen jarriko dituzte martxan. Hasteko, bakaikuar guztiei gutun bana bidaliko diete, inkesta bat izanen du barruan. Galdetegiarekin batera, galdeketako galdera proposatzeko aukera izanen du. Betetako inkestak herrian barna jarriko diren postontzietan uzteko aukera izanen dute.

Adosgunea
Izen hori du maiatzaren 7rako antolatu duten ekimenak eta han galdera adostuko dute. Adosgunearen aurretik talde sustatzaileak jasotako inkestak aztertuko dituzte; “erantzun horiek izanen baitira ekimen honen oinarria edo abiapuntua. Adostasunera derrigortua dagoen bilkura honetara bertaratzen garen guztion artean hartuko dugu azkeneko erabakia galderaren inguruan”. Horregatik, bakaikuar guztiak inkestak betetzera eta Adosgunean parte hartzera gonbidatu dituzte. “Herritar guztiak galderarekin gustura gelditzea oinarrizko eta ezinbestekotzat dugu, eta hori lortu ahal izateko parte hartze zabala behar beharrezkoa da”.

Bazkaria, eta gehiago
Domekan maiatza jasoko dute bakaikuarrek eta egun horretarako ere erabakitzeko eskubidearen aldeko bazkaria izanen da. Girotzeko ekimen gehiago izanen dira: galdeketaren aldeko kamisetak egin dituzte, galdeketa bitarteko larunbatetan pintxo potea izanen da, abesti bat grabatu berri dute eta harekin herrian bideoa grabatuko dute, Aitzkozar krosean sari berezia izanen da, gau berezia kriseiluekin...