Ipar haizea, lainoa, elur izpiak, hotz galanta… elementuen kontra bada ere, bakaikuarrek maiatza jaso zuten. Hurbileko pagadian enbor egokia aukeratu eta moztu egin zuten. Bitan, behean oso zabala zelako eta zuloan sartuko ez zelako. Moztutako enborra arrastaka eraman zuten. 11:00ak aldera izan zen langintza horretan hasi zirenean. Enborraren muturrean lotutako sokaz lagunduta, bi ilaratan, bakaikuarrek azkar igo zuten enborra, hainbat tokitan azala galdu eta txurituta. Beharrezko prestaketak egin ondoren, eguerdian hasi ziren maiatza jasotzen, lainoa sartu zenean eta elur izpiak erortzen ari zirela. Argitu zenerako, maiatza han zen, zutik.