Larunbatean egindako bileran bakaikuarrek antolatzen ari diren herri galdeketa atzeratzea erabaki zuten. Gure Esku Dagoko kideek azaldu dutenez, azaroan aurreneko pausoak ematen hasi zirenean “galdeketa antolatzeko baldintza egokien bila aritu gara lanean. Hasieratik adierazi dugu herri galdeketa prozesu natural eta herritarra izan behar duela. Bilgune zabala, anitza eta parte hartzailea. Horretarako, testuinguru lasaia beharrezkoa da”. Hauteskunde giroak halakorik bermatzen ez duela uste dute, “egoera erabat distortsionatu eta galdeketa beste dimentsio batean kokatzen dute”.
Hauteskunde kanpaina indarrean dela herri galdeketak egitea debekatuta dago eta horregatik beste herri batzuetan garagartzaroaren 5era aurreratzea erabaki dute. “Aldaketa honek ez du debekuaren mamua erabat uxatzen. Nafarroan dugun errealitatea kontutan hartuta gainera, ziurtzat jotzen dugu data honetan ere debekua etorriko zela. Ez gaude prest beste herrien kontsultak baldintzatu eta debeku baten aurrean jartzeko”. Azaroaren 27an, beraz, Diman eta Bakaikun eginen dira herri galdeketak. Data iritsi bitartean hainbat ekimen eginen dituzte Bakaikun, esaterako, maiatzeko ostiraletan elkartean eta Koxko tabernan pintxo-potea izanen da. Abestiaren aurkezpena, kriseiluen gaua eta beste etorriko dira gero.
146
Bakaikuarren sinadura kopuru horrek babesten du galdeketa.