Santa Marinarako prestatzen

Guaixe 2016ko mai. 13a, 09:44
Bargan ibilbidea auzolanean prestatu zuten bakaikuarrek.

Bakaikuk eta Iturmendik partekatzen duten ospakizuna bertan dago, hilaren 22an izanen da. Urte bikoitia denez Bakaiku arduratuko da festaren prestakuntzaz. Hori dela eta, Bakaikuko Kultura Batzordeak hainbat jakinarazpen egin ditu. Lehenik, batzordeak berak Bakaikuko Gazte Asanbladarekin batera, Dantzalarre dermioa garbitzeko auzolana antolatu du. Bihar, 9:00etan, elkartetik abiatuko dira.

Batzordetik jakinarazi dutenez, Santa Marina egunean ermitatik herrirako bueltan 18:00etan abiatuko dira. Txistulariek alaituta jaitsiko dira eta Bargan dagoen Dantzalarre dermioan geldialdia eginen dute bakaikuarrek. Behin herrian, San Joan plazan Dj Jotatxo ariko da dantzarako doinuak jartzen, 19:30etik 23:00etara.

Kultura Batzordetik bestalde, gogorarazi dute Santa Marina bezperan, larunbata 21ean, Aitzkozar krosa jokatuko dela. Bakaiku abiapuntu eta helmuga izanen du lasterketak eta, horregatik, hainbat kale moztuko direla gaztigatu du. Bide batez, bakaikuarrak parte hartzera edo korrikalariak animatzera gonbidatu ditu.